
Edurne Urbieta parekidetasuneko teknikaria, Ane Eizmendi parekidetasun zinegotzia, eta Ana Isabel Lopez abokatua (Amaia Ventas)
2011eko azaroan jarri zuten indarrean etxeko enpleguaren inguruko arautegi berria. Arau sortaren helburua etxeko lanak egiten dituzten langileen eskubideak eta betebeharrak ongi zehaztea da, eta baita haien enplegatzaileenak ere. Lan harreman horiek «duintzeko» asmoz sortu dute, hain zuzen. Legeak dagoeneko hilabete batzuk indarrean badaramatza ere, horren inguruan «informazio gabezia» da nagusi.
Hori gainditzeko arautegi berriaren inguruko informazio osoa «modu sinple eta ulergarrian» jasotzen duen gidaliburua argitaratu dute Zarauzko Udaleko Parekidetasun Sailak eta Gizarte Zerbitzuek, elkarlanean, eta herritarrentzat eskuragarri jarri. «Gidaliburu honen bidez etxeko langile guztiak ongi informatuta egon daitezen nahi dugu, eskubideez jakitun izan daitezen», nabarmendu du parekidetasun zinegotzi Ane Eizmendik. «Gure herrian etxeko lanetara bideratutako jende asko dago, eta horiek izan dezaketen informazio gabezia gainditzea da eskuliburu honekin lortu nahi duguna. Izan ere, asko eta asko kontraturik gabe aritzen da lanean, eskubiderik gabe. Hori ez da inondik inora ere onargarria».
Horrez gain, parekidetasun zinegotziaren esanetan, «enplegu hori zenbaitetan eskertu gabeko lana izateaz gainera, bere zentzu ekomiko eta pertsonalean baloratu gabeko lana» da. «Oso lan garrantzitsua da, ordea, benetan zaindu beharrekoa».
Hala, interesa dutenek udal kiroldegian, Sanz Enea kultur etxean, Etxezabalan, zein Parekidetasun Sailaren egoitzan jaso ahalko dute aipatu liburuxka.
Orain arte, arautegi berezia
Edurne Urbietak, parekidetasun teknikariak azaldu duenez, etxeko enpleguak «arautegi berezia» izan du orain arte. Aurrerantzean, ordea, Etxeko Langileen Erregimen Berezia Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartuta egongo da. Urbietaren arabera «urrats garrantzitsua» da hori.
Ana Isabel Lopez abokatuaren eta Donostiako Emakumeen Txokoan aholkulari juridikoaren esanetan, «langile horien lan harremana duin bihurtuko da» arautegi berriari esker. Langileen eskubideak hobetuz, lanpostuaren egonkortasuna bermatuz eta lan baldintzak zehaztuz lortuko da hori, Lopezek esan duenez.
Gidaliburuak, besteak beste, legedi berria, paperik gabeko langileen aukerak, kontratua, lanaldia, soldata, bajak eta gizarte segurantzaren inguruko informazioa jasotzen du.