
Joan den asteburuan Aizarnazabalgo gaztetxean egindako garagardo festa (Argazkilaria: Igone Larrañaga)
Asteburuan garagardo festa ospatu dute Aizarnazabalgo gaztetxean. Jaiak emaitza bikaina izan zuela eta, gustura daude gaztetxekoak.Hurrengo astebururako, berriz, kontzertuak antolatu dituzte. Hilaren 30ean Oi! musika izango da entzungai Aizarnazabalgo gaztetxean, 22:30etik aurrera, Secuestro Express (Deba), The Last Strength (Goierri) eta Having a laugh (Beasain) taldeek eskainiko dute emanaldia.
Iazko sanmigeletan estreinatu zuten Aizarnazabalgo gazteen topalekua, baina oraintxu hasi dira ekitaldiak prestatzen. «Orainartea herrian, kanpoan, antolatu izan ditugu», dio Igone Larrañagak. Lehen garagardo festak, behintzat, arrakasta izan du: afaltzen 50 lagun inguru bildu zen gaztetxean, eta poteoan gehiago. «Gure helburua bete genuen. Gazteez gainera, adin guztietako herritarrek parte hartzea zen helburua, eta lortu genuen, familia osoak etorri baitziren garagardo festara». Lehen ekitaldiek harrera ona izan dute, eta hala jarraitu nahi dute gaztetxekoek.
Hurrengo astebururako lehen kontzertua antolatu dute gaztetxean bertan. Oi! musika egiten duten hiru taldek joko dute bertan. «Garagardo festa ondo atera zen, eta kontzertuekin ere esperantza hori dugu».
