Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Buruko gaixotasunak dituzten pertsonen senitartekoentzako ikastaroa antolatu du Agifesek (Gipuzkoako Familia eta Eri Psikikoen Elkartea) Azpeitian eta Zarautzen. Bost eguneko ikastaroa izango da. «Elkartekook etxean gaixo mental edota psikikoak dituztenengana gerturatzeko asmoarekin antolatu ditugu jardunaldiak», dio Iker Arrizabalagak, Agifeseko familia esku-hartzeen koordinatzaileak.
Buruko gaixotasunei buruz ikasi, eta elkarbizitza hobetzeko helburuarekin bosna saio antolatu dituzte. Azpeitian aurrenekoa datorren astelehenean izango da, eta Zarautzen, berriz, asteazkenean. Aurrez izena ematea komeni da. Horretarako, Agifes elkartera deitu edota herri bakoitzeko gizarte zerbitzuetako bulegora jo daiteke. Behin jardunaldiak hasita ere izena emateko aukera dago, nahiz eta lehen saioa galdu besteetara joateko aukera izango da.
Saio bakoitzean gai bat
Saio bakoitzean gai jakin bat landuko dute, eta buruko gaixotasun askotaz hitz egiteaz gainera, dauden baliabideez, babes juridikoaz, laguntzez eta familiaren egitekoez jardungo dute.
Jardunaldi hauek azpiko helburu bat ere badutela dio Arrizabalagak. Buruko gaixotasuna dutenak etxean parte hartzera animatzea da helburu hori. «Etxetik kalera irten dezatela da helburua. Jendea aurpegia ematera ausar dadin nahi dugu. Oraindik ere, herrietan-eta nahiko estigmatizatuta daude buruko gaixotasunak». Agifesekoek badakite herrietan buruko gaixotasunak dituen jende asko dagoela. «Baina gaur egun gaixotasun psikiatrikoen inguruan aurreiritzi asko dago jendearen artean».
Hogei lagun Azpeitirako
Donostiako egoitzan antolatu dituzte jardunaldiak, baina horien informazioa zabaltzeko eskualdeko udaletako gizarte zerbitzuetako teknikariekin elkarlanean jardun dute Agifesekoek. «Udaletan lan handia egin dute jardunaldi honen berri familiei ematen.
Dagoeneko Azpeitiko jardunaldietarako hogei bat lagun daude izena emanda», esan du Agifeseko langileak.
Ikastaroaren egitarauak eta gaiak
Landuko dituzten gaiak:
- Zer da gaixotasun mentala? , Iker Arrizabalaga Agifeseko Esku-hartze familiarren koordinatzailearekin.
- Egitarau sanitario eta soziosanitarioak, Azpeitian Jone Larrañagarekin, Sarquavitaeko Osamen-Azpeitiaren koordinatzailearekin, eta Zarautzen Nekane Azuabarrenarekin, Ibiltzen Benta Berriren arduradunarekin.
- Gaixotasun mentala duen pertsonaren babes juridikoa, Gotzone Astiasaranekin, Fedeafaseko abokatuarekin.
- Laguntza sozialak eta errekurtso ekonomikoak, Veronica Pazosekin, Agifeseko gizarte langilearekin.
- Familiak zer egin dezake?,
Iker Arrizabalagarekin, Agifeseko eskuhartze familiarren koordinatzailearekin.
Azpeitian. Baigera I-eko aretoan. Martxoaren 26an, apirilaren 19an eta maiatzaren 3, 17 eta 31n. 18:15etik 19:45era artean. Izena emateko 943-47 43 37 telefonora edota norberaren herriko udaletxeko gizarte zerbitzuetara jo behar da.
Zarautzen. Zuberoa kalea 22n. Martxoaren 28an, apirilaren 17an eta maiatzaren 2, 15 eta 29an. 18:15etik 19:45era artean. Jardunaldietan izena emateko 943-47 43 37 edota norberak bere herriko gizarte zerbitzuetan.