Urte guztirako egitasmoa aurkeztuko du gaur Darahli elkarteak, Alondegian

Ane Olaizola 2012ko martxoaren 23a

Zumaiako Darahli elkarteak  aurtengo egitasmoa aurkeztuko du gaur Alondegiko Oxford aretoan. Bertan, urtean zehar egingo dituzten ekimenen nondik norakoak azalduko dizkie herritarrei. Izan ere, hurrengo ostiralean Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamendura bidaia egingo dute, bertan bizi diren sahararrei laguntza emateko asmoz. Hala, gaurko aurkezpenean Darahli egitasmoaren zehaztapenak plazaratuko dituzte. Errefuxiatu kanpamenduetara joango diren gazteen gurasoei 18:00etan emango dizkiete azalpenak. Herrialde horretara joateko beharrezko bisatua, itzulera orduak, egun bakoitzeko egitaraua, eraman beharreko gauzak, eta bestelako informazioa eskainiko diete. 19:00etan izango da aurkezpen ofiziala, eta bertan, Iñaki Agirrezabalagak, Zumaiako alkateak ere hartuko du parte. Horrez gain, Fronte Polisarioko kideek eta hainbat sahararrek egun bizi duten errealitatea azalduko dute. Darahlik hirugarren aldiz egingo du errefuxiatuen kanpamenduetara joan-etorria. Aurtengoan 60 zumaiar inguru joango dira; horietatik 42 Zumaiako institutuko eta Maria eta Jose ikastetxeko ikasleak izango dira, eta elkarteko kideek, Zumaiako Udaleko bi zinegotzik eta herriko mediku batek lagunduko diete bidaian. Aurtengoan, gainera, senidetze kanpainan parte hartu duten sei familia ere joango dira. Azken urteetan diruz lagundu dituzten familiak ezagutuko dituzte, «euren arteko harremana sendatzeko asmoz».Oraingoan zumaiarrek Zug herriko udaletxea margotuko dute, eta bertan erabilera anitzeko gela bat sortuko dute. Horrez gain, antzerkiak eta bestelako saioak ere eskainiko dizkiete, «euskal kultura ezagutarazteko asmoz». Zug herria Zumaiarekin senidetuta dago, eta azken bi bidaietan bertara joan dira zumaiarrak; 2006an eta 2009an, esaterako, hango ikastetxean bainugela eta informatika gela eraiki zuten zumaiar batzuk. Iker Aizpurua Darahliko kideak nabarmendu du sahararrek halako ekimenak «behar» dituztela: «Desertuaren erdian bizi dira, euren herrietatik kanpo, eta kanpotik jasotzen dituzten laguntzak dira euren baliabideak». Hori hala, sahararrek zumaiarrak «txaloka» jasotzen dituztela adierazi du. Senidetze kanpaina ere martxan dute, eta aurrerantzean zumaiarrek urtero lagunduko dute errefuxiatu kanpamenduetako familia bana. Izan ere, orain arte hiru urtean familia bera laguntzen zuten diruz, eta aurrerantzean «familia gehiagorengana» iritsi nahi du elkarteak. Sahararrei oinarrizko beharrak asetzeko 100 euro emango dizkiete. Horretarako, La Caixako 2100 4248 66 2100147895 kontu korrontean diru kopurua sartu edo 659-75 82 48 telefonora deitu daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide