Egun handia iritsi da. Gaur jokatuko da VI. Erniarraitz Sariketako final nagusia, Azpeitiko gaztetxean, 22:00etatik aurrera.
Martxoako lehen hiru ostiraletan kanporaketak jokatu ondoren, erabaki dituzte azken txanparako bertsolariak. Hori horrela, honako seikote honen artean geratuko da aurtengo txapela: Aitor Urbieta zarauztarra, Odei Barroso barakaldoarra, Amaia Iturriotz urretxuarra, Eneritz Artexe azkoitiarra, Aimar Karrika auriztarra eta Arrate Illaro bilbotarraren artean, hain zuzen ere.
«Bertsozale elkartetik adin tarte horretan puntan-puntan dabiltzan bertsolariak ekartzen saiatu gara aurten ere. Gonbidatutako hemezortzi bertsolariak onak badira, finalerako sailkatu diren seiak zer esanik ez. Beraz, maila txukun-txukuna espero dugu finalean», aditzera eman du
Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kide Jokin Urangak.
Zerrendako lehen hirurak kanporaketa bakoitzeko irabazleak dira; Urbieta Azpeitian, Barroso Errezilen eta Iturriotz Azkoitian. Gainerako hirurak, aldiz, kanporaketa guztietako emaitzak kontuan hartuta, puntu gehien lortu dutenak dira. Finalerako sailkatuen artean, eskualdeko bi izatea —Urbieta eta Artetxe— pozgarria da antolatzaileentzat. «Aurten Euskal Herrira zabaldu dugu sariketa. Sei horietatik bi gure eskualdekoak dira. Zenbaki polita dela iruditzen zaigu», dio Urangak.
Neurria hartuta
Urbietak ondo baino hobeto ezagutzen du txapelketa, duela lau urte (laugarren sariketan) txapela jantzi baitzuen. Bere bigarren parte-hartzean ere erakustaldi ederra eman du; izan ere, berak eskuratu du kanporaketetan puntu gehien. «Badirudi neurria hartua diodala txapelketa honi, gainerakoetan lehenengon joan bainaiz kalera», nabarmendu du zarauztarrak.
Finala jokatzeko ilusioz dago, baina ez du bere burua faboritotzat ikusten. «Pare bat izen potolo daude zerrendan; Odei Barroso eta Amaia Iturriotz, alegia. Azken finean, edonork eman dezake ezustea». Dena dela, «presio pixka bat» sentitzen duela onartu du. «Kanporaketara kezkatuta joan nintzen, baina ongi atera zela ikusita, pozik nago. Orain, finalaren aurretik, hiru aste ditut prestatzeko, eta gogoz hartzeko».
Artetxerentzat hirugarren Erniarraitz sariketa izan da aurtengoa, baina finalerako sailkatzen den lehena du. Oraingoz, lasai dagoen arren, ordua iristen doan heinean animatzen joango dela dio. Hala ere, ez du bere burua txapela janzteko gai ikusten: «Nik nahikoa egin dut finalera sartzearekin. Orain, ongi pasatzea da nire helburua, eta, era berean, gure bertso eskolak antolatzen duen egitasmoa denez, eskola bera maila onean uztea».
Azkenaldian, ordea, boladan dabil, eta badaki zer den txapela irabaztea. Hilabete hasieran, esaterako, Aizpurutxoko bertso sariketa irabazi zuen. «Garaipenak beste gogo bat piztu zidan, eta nik uste dut beste motibazio bat eman didala Erniarraitz sariketarako». Aizpurutxokoan «egun ona» izan zuela adierazi du Artetxek, baina gaurko saioan «edozer gerta daiteke». Konfiantza aldetik, behintzat, lehengo moduan sentitzen dela azaldu du bertsolari azkoitiarrak.
Finalean, egitura bera
Finalak aurreko hiru saioen egitura bera izango duela azaldu dute antolatzaileek, aldaketa txiki batzuk salbu. Beraz, egin beharreko ariketak hauek izango dituzte: zortziko handian hiruna bertso, ofizioka; zortziko txikian hiruna bertso, ofizioka; hamarreko txikian hiruna bertso, ofizioka; puntutan, zortziko txikian hiruna bertso; eta kartzelakoan, hiruna bertso. Epaimahaia orain arteko kideek osatuko dute: Leire Ostolazak, Xabier Azpillagak, Juan Joxe Eizmendik eta Xorkun Uzkudunek. Gai-jartzailea, berriz, Gurutze Oiartzabal izango da.