Juan Priederen hilketaren hamargarren urteurrenerako egindako adierazpena onartu

Karkara.eus 2012ko martxoaren 22a

Bilduk bozketan ez parte hartzea erabaki zuen

Juan Priede Orioko Udalean zinegotzi sozialista izandakoaren erailketaren

hamargarren urteurrenean, martxoaren 21ean egindako ezohiko bilkura

urgentean, udalbatzarrak EAJk aurkeztutako mozioa onartu zu...

Bilduk bozketan ez parte hartzea erabaki zuen

Juan Priede Orioko Udalean zinegotzi sozialista izandakoaren erailketaren hamargarren urteurrenean, martxoaren 21ean egindako ezohiko bilkura urgentean, udalbatzarrak EAJk aurkeztutako mozioa onartu zuen EAJko eta Oraineko zinegotzien baiezko botoekin. Bilduk bozketan ez parte hartzea erabaki zuen. Izan ere, eguerdian hiru taldeek adierazpen bateratua prestatu zuten, taldekideei aurkeztu eta udalbatzarrean hori onartzeko asmoz.  EAJk, ordea, adierazpen hori onartu ez eta beraien mozioa aurkeztu zuten, eta hori izan zen, hain zuzen ere, udalbatzarrean onartutakoa:

2012ko martxoaren 21ean hamar urte betetzen dira Orioko Udaleko zinegotzi Juan Priede ETAk erail zuela.

Juan Priede 69 urte zituen eta jubilatua zegoen aitona zen. Erretiroa familiarekin lasai pasatzera mugatu zitekeen. Baina, horren ordez, bere ideia eta pentsamoldearekin koherentziaz eta arduraz jokatu eta Orioko zinegotzi izatea onartu zuen.

Herriaren alde lan egitea erabaki zuen, nahiz eta horrek bere eguneroko bizitzan askatasuna mugatzea suposatu. Udal ordezkaria izan zen eta ordezkaritza horrek bizitza guztiz baldintzatu zion. Hala ere,erantzukizunak beldurra gainditu zuen.

Haren erailketaren hamargarren urteurren honetan, gaur egun Orioko Udaleko zinegotzi garenok, Juan Prideren erailketa berriz ere arbuiatzeaz gain, hark egindako lana gogoratu eta eskertzea tokatzen zaigu.

Juan zinegotzi izan zen, udalbatzar eta batzordeetan aktiboki parte hartzen zuen. Udal ordezkari izateagatik izan zen mehatxatua eta eraila. Ordezkaritza hori gauzatzen den tokian gogoratu nahi dugu Juan: udalbatzarraren aretoan. Udalbatzarretan defendatzen direlako ideiak eta pentsamoldeak.

Horregatik guztiagatik, Orioko Udalak eta berau ordezkatzen dugunok zera adierazi eta onartzen dugu:

 

• Orioko Udalak, berriz ere, Juan Priederen hilketaren zentzugabekeria salatzen du. Demokratikoki herriak aukeratutako zinegotzi bat erailtzeak ez du ez hanka eta ez bururik.

• Juan Priede bere ideiak askatasunez adierazi eta defendatzeagatik erail zuten. Beldurra gainditu eta herriaren alde lana egin zuen Juanek. Udal honek hark egindako lanaren esker ona eta aitortza azaltzen dio Juan Priederen familiari.

• Orioko Udaleko zinegotzia izan zen Juan Priederen lana gogora ekarriko duen plaka bat jarriko da udalbatzarraren aretoan. Plakan hau jarriko du: Orioko herriak esker onez Juan Priede Pérez Orioko zinegotziari (1994tik 2002ra).

• Familiaren nahia izan da 10 urte hauetan, Juan Priederen izena erabilera eta eztabaida politikotik kanpo gelditzea. Udal honek familiaren nahiarekin bat egin eta horrelako erabilerak ekidingo ditu.

• Juan Priederen omenez egindako mozio honen berri hedabideetan emango da, oriotar guztiek Udalak egiten dion omenaldi txiki honen berri izateko.

EAJko zinegotziek, bozketaren ondoren, beraien tokietatik altxa eta pleno aretoa utzi zuten, Bilduk bozketan parte hartzea erabaki zuenez asteazkeneko plenoan beraien jarduera une hartan bukatuko zutela esanez.

Bilduren idatzia

Ondoren alkateak, Bilduren izenean, urteurren honen harira prestatutako testua irakurri zuen:

Autokritika bidean jarrita

Bildu osatzen dugun norbanako eta alderdiek ibilbide politiko ezberdina dugu. Juan Priede hil zutela hamar urte bete diren honetan irakurketa bateratua egin dugu taldekideok. Denok autokritika egiten ari gara eta bide horretan sakondu behar dugula uste dugu Orioko Bildun. Norbere jarreren errepaso historikoa egitea ezinbestekoa da, mahaiaren beste aldean jarriko denari bere akatsak onartu ditzan eskatzeko. Guztioi, alde bateko biktimekiko erakutsitako sentsibilizazio maila falta zaigu beste aldeko biktimekiko. Pauso hori ematea litzateke zauriak sendatzeko konpromiso eta borondate egiazkoena.

Juan Priedek urteetan Orioko udalean egindako lanak errespetua merezi du. Zer esanik ez, Juan Priederen familiak. Enpatia ariketa bultzatu behar dugu hilketaren urteurrenean, biktima guztien eta beraien familien saminari aterabidea emateko balioko duelakoan.

Biktimak asko dira, modu askotarikoak. Ez dugu ahanzten eta ezkutatzen urte guzti hauetan gertatu dena. Eta ez dugu hitz egiteko ikararik:horrek askeago egiten gaitu, horrek ziurtatuko du adiskidetzea eta Juan Priederena bezalako hilketak berriro ez gertatzea. Alde guztiek eragindako mina onartu behar dugu eta min horrekiko errespetua adierazi behar dugu.

ETAren jarduera amaitu arren, bakea eta adiskidetzea eraikitzeko dago oraindik.

Omenaldia

Bestalde, larunbatean, martxoaren 24an, PSOEko alderdikideek, lagunek eta senideek omenaldia egingo diote Juan Priederi Orioko hilerrian 12:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide