Aste Santuko oporraldiaren baitan, Pazko Astean, 6 eta 8 urte bitarteko eta 9 eta 11 urte arteko haurrentzako ekitaldi bereziak antolatu ditu Zestoako Txilipurdika Aisialdi Taldeak. Ekitaldiak apirilaren 10ean, 11n eta 12an izango dira. 6 urtetik 8 urtera artekoak, 10:30etik 12:30era bitartean bilduko dira Txilipurdikako aisialdiko hezitzaileekin, Zestoako Kultur Etxean. Arratsaldez, 16:30etik 18:30era bitartean, berriz, 9 eta 11 urte arteko haurren txanda izango da. Gurasoek edota haurren arduradunek, dagokion orduan, Kultur Etxean jaso beharko dituzte haurrak.
Pazko Asteko haurrentzako ekimenetan parte hartzeko aurrez izena eman beharrik ez dago, eta haietan parte hartzea doan da. Aisialdiko ekimenei buruzko informazioa nahi dutenek, bihar ostirala, Txilipurdikakoengana jotzeko aukera edukiko dute.