Labaien: «Ez da zilegi Ander zigortzea; ez dago nahiko froga horretarako»

Zarauzko Hitza 2012ko martxoaren 22a

Defentsako abokatu Iones Labaienek Ander (akusatua) zigortzea ez dela «zilegi» dio. «Ez dago horretarako nahiko froga». Haren arabera, kustodia katean «hainbat hutsune» dago: «Froga fisiko batzuk dituzte; gainerakoak hipotesiak dira». Herenegun amaitu zen Amaia Azkueren hilketaren inguruko epaiketa, gauerdi aldera. Besteak beste, akusazioak zein defentsak azken ondorioak aurkeztu zituzten. «Froga fisikoen kasuan, uste dugu prozedura gaizki egin dela», adierazi zuen Labaienek. «Oraindik galdera ugari dago erantzuteke». Besteak beste, autoan aurkitutako aztarna guztiak ez direla ikertu nabarmendu zuen Labaienek herenegun, Donostiako Justizia Jauregitik ateratzerakoan, ezta Azpeitiko Aratz Erreka auzoko zaborrontzian zeuden aztarnak ere. «Ez dute akusatuak aipaturiko gizonezkoaren erretratu robota egin, ezta ezagutze gurpilik ere, Ander atxilotu ostean», gaineratu zuen. Defentsak Azkueren ustezko hiltzailearen bigarren bertsioa berretsi zuen, hala; hots, beste gizon batek auzipetua autoan hartu zuela, eta hura izan zela oriotarra hil zuena, eta ez akusatua bera. «Autoan egon zela esatetik norbait hil zuela esatera alde handia dago», zioen Labaienek. «Psikologoek eta haren lagunek esan dute Ander ez dela inondik inora oldarkorra». Era berean, auziaren eragingarria edo mobila «arraroa» dela nabarmendu du. «Zergatik hilko zuen Anderrek Amaia Azkue, halako indarkeriarekin eta diru kopuru txiki hori lapurtuz? Ez dago azalpen garbirik». Epaileak lan gogorra Epaileak «lan gogorra» duela nabarmendu du defentsako [...]

Defentsako abokatu Iones Labaienek Ander (akusatua) zigortzea ez dela «zilegi» dio. «Ez dago horretarako nahiko froga». Haren arabera, kustodia katean «hainbat hutsune» dago: «Froga fisiko batzuk dituzte; gainerakoak hipotesiak dira». Herenegun amaitu zen Amaia Azkueren hilketaren inguruko epaiketa, gauerdi aldera. Besteak beste, akusazioak zein defentsak azken ondorioak aurkeztu zituzten.
«Froga fisikoen kasuan, uste dugu prozedura gaizki egin dela», adierazi zuen Labaienek. «Oraindik galdera ugari dago erantzuteke». Besteak beste, autoan aurkitutako aztarna guztiak ez direla ikertu nabarmendu zuen Labaienek herenegun, Donostiako Justizia Jauregitik ateratzerakoan, ezta Azpeitiko Aratz Erreka auzoko zaborrontzian zeuden aztarnak ere. «Ez dute akusatuak aipaturiko gizonezkoaren erretratu robota egin, ezta ezagutze gurpilik ere, Ander atxilotu ostean», gaineratu zuen.
Defentsak Azkueren ustezko hiltzailearen bigarren bertsioa berretsi zuen, hala; hots, beste gizon batek auzipetua autoan hartu zuela, eta hura izan zela oriotarra hil zuena, eta ez akusatua bera. «Autoan egon zela esatetik norbait hil zuela esatera alde handia dago», zioen Labaienek. «Psikologoek eta haren lagunek esan dute Ander ez dela inondik inora oldarkorra». Era berean, auziaren eragingarria edo mobila «arraroa» dela nabarmendu du. «Zergatik hilko zuen Anderrek Amaia Azkue, halako indarkeriarekin eta diru kopuru txiki hori lapurtuz? Ez dago azalpen garbirik».
Epaileak lan gogorra
Epaileak «lan gogorra» duela nabarmendu du defentsako abokatuak. «Orain epaileari dagokio erabakitzea nahikoa froga badagoen Anderren errugabetasuna bertan behera uzteko. Auzitegi Gorenaren arabera, zalantza izpirik izanez gero, ezin da inor kondenatu. Kasu honetan zalantzak egon badaude; ugari, gainera».
Defentsak epaileari eta fiskalari ikerketarekin aurrera jarraitzeko eskatu bazien ere, haiek ez zutela eskaria onartu gogoratu du abokatuak: «Ez ziguten sinestu». Ildo horretatik, gazte azpeitiarrarentzat absoluzioa eskatzea «beste aukerarik ez» duela izan nabarmendu du. «Koherenteena eta logikoena ikerketarekin jarraitzea da, ez baitira sakonki aztertu orain arteko frogak. Epaileak,
ordea, ez du horretarako baimenik eman, eta beste aukerarik ez dagoenez, absoluzioa eskatu dugu».
Auzipetuak berak ere abuztuan jakinarazi zuen bertsioa, bigarrengoa alegia, berretsi duela adierazi du Labaienek; bera ez ela «halakorik» egiteko gai, «ez duela inoiz inor jo edo erasotu». Hala, Azkue hil izana ukatu zuen atzo auzipetuak. Horrez gain, «beldur dela» gaineratu zuen, «benetako hiltzailea aske dagoelako».
Koartada «sinezgaitza»
Akusazioaren abokatu Miguel Castellsek, berriz, gaztearen alibi edo koartada «sinezgaitza» dela adierazi zuen Adingabeen Auzitegitik ateratzean. Azkuetarren abokatuaren arabera, honakoa deklaratu zuen auzipetuak epaiketa amaitu aurretik: autoa gidatzen zihoanak —akusatuaren arabera, hiltzaileak berak— autostop-ean hartu zuen, eta Meaga parean, «begira zer daukadan hemen» esan zion. Manta bat altxatu, eta Azkue erakutsi zion,, oraindik bizirik. Jarraian, gizonezko horrek laban batekin mehatxu egin, eta bere aztarnak autoan zehar uztera derrigortu zuen. Aipatu gizonezkoa ez duela ezagutzen gaineratu zuen akusatuak.
Hori dela eta, aurrez ustezko hiltzailearentzat eskatutako zigorrari eutsi zion Castellsek: hamar urteko kartzela, eta bost urterako zaintzapeko askatasuna. Horrekin batera, Getaria, Orio eta Zarautzera hurbiltzeko debekua eskatu du, «hiru herrietarako urruntze agindu handiena, legearen arabera».
Auzia epai zain geratu da. Aurreikuspenen arabera, aste gutxi barru erabakiko du epaileak akusatua errugabea den ala ez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide