
Amaia Azkueren hilketa salatzeko protesta, atzo, Donostiako Adingabeen Auzitegian (Argazkilaria: Amaia Ventas)
Amaia Azkueren ustezko hiltzailearentzat kartzela zigorraz gain, urruntze agindua eskatu du familiaren abokatuak. Getariara, Oriora eta Zarautzera gerturatzeko debekua, zehazki. Edizio hau ixterako orduan bi abokatuak epaiketaren ondorioak irakurritzen ari ziren. Horren ondoren, ezustekorik egon ezean, epai zain geratzen dira auziak.
Defentsa abokatu Ioanes Labaienek deklaratzera deituriko lekukoek «jakina berretsi baino ez» dutela egin adierazi zuen atzo arratsaldean Miguel Castellsek. Diligentziak amaitu, eta epaiketaren ondorioak irakurri baino lehen Donostiako Adingabeen Auzitegitik atera zen Azkuetarren abokatua, eta hedabideei adierazpenak egin zizkien.
Defentsa abokatuak hala eskatuta, gorpua Ibai Eder urtegitik atera zuten hiru suhiltzaileak, une horretan lekuan zen medikua, begi ikerketa egin zuen ertzaina, eta auzitegiko medikua (autopsia egin zuenak) igaro ziren atzo epailearen aurretik. Lehenengoek gorpua urtegitik ateratakoan ez zietela xehetasunei erreparatu deklaratu zuten. Suhiltzaileek Azkuek eskumuturrak lotuta zituela berretsi zuten, Castellsek azaldutakoaren arabera. «Bi zinta eta lokarri bat zituen gorpuak, baina zinta gorriari soilik erreparatu ziotela adierazi dute», azaldu zien kazetariei Azkuetarren abokatuak. Defentsa abokatuak ez du bere bertsioa jakinarazi.
Castellsen arabera, «defentsaren azken maniobra» izan da epaiketaren azken saioa 24 orduz atzeratzea; «mugimendu desesperatua». Azkuetarren abokatuaren ustez atzo epaitegian entzundakoek ez dute «ezer aldatuko». «Ez du garrantziarik izango, zalantzan jarri ezin direnak zalantzan jartzea baitzen asmoa». Azkenean «dena aterako da azalera», Castellsen arabera.
Hamar urte espetxean
Kasua artxibatzeko eskatzekoa zen defentsa abokatua, frogak akusatuari hilketa leporatzeko nahikoa ez direla argudiatuta. Akusatua biktimaren autoan eta oriotarra hil zuten lekuan egon zela bai, baina hiltzailea bera izan zela ezin dela frogatu argudiatu zuen herenegun Labaienek.
Fiskaltzak eta Azkuetarren abokatu Miguel Castellsek, berriz, 10 urteko kartzela zigorra eskatuko dute auzipetuarentzat, eta bost urterako zaintzapeko askatasuna. «Aurkeztutako froga bat bera ere ezin izan da atzera bota». Eta horrekin Azkue auzipetuak hil zuela frogatuta geratu dela dio.
Ikerketa «sendoa»
Ertzaintzaren ikerketa «oso sendoa» dela argudiatu du Castellsek. Horrez gain, sei froga aurkeztu dituzte epaiketan zehar; tartean, autopsia. El Pais egunkariak kaleratu ditu horren nondik norakoak.
Iazko martxoaren 16an topatu zuten Azkueren gorpua Nuarbeko (Azpeitia) Ibai Eder urtegian. Eskuak eta hankak lotuta zituen, eta garezurra hautsita; harri batekin jo zuten, itxuran, eta kolpearen ondorioz hil zen.
Zarautzen kafe bat hartu eta erosketak egin ostean, 13:00ak aldean merkataritza gune handi batetik atera zen oriotarra. Ordutik hil zuten arte denbora gutxi igaro zela ondorioztatu du autopsiak, ikerketako iturrien arabera. Hilketaren «bi sekuentzia» bereizten ditu autopsiak. Lehen aldiz 12:45ean egin zioten eraso Azkueri. Kolpeen ondorioz kordea galdu zuen, itxuran. Ordu erdira egin zioten eraso berriz, eta kolpe horien ondorioz hil zen. Azkuek lotuta zituen eskumuturrak, eta ez zuen sexu erasoren baten aztarnarik.
Koordinadoraren salaketa
Amaia Azkueren hilketa botere harremanen desorekaren ondorio izan dela salatu du Urola Kostako Koordinadora Feministak hasiera-hasieratik. Eta atzokoan beste eraso bat salatzeko oharra helarazi zuen taldeak hedabideetara; Nuarben ostiralean izandako erasoa salatzekoa, hain zuzen. «Beste emakume bat erasotu dute, indarkeriaz lurrera bota eta konorterik gabe utziz. Honen aurrean haserrea adierazi nahi dugu, eta emakumeon kontra indarkeria erabiltzeari behin betikoz uzteko exijitzen dugu. Horrelakorik berriro gerta ez dadin, beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatzen diegu erakundeei».