Lan erreformaren kontra grebara deitu du Urola Kostako LABek

Nerea Uranga 2012ko mar. 21a, 16:44

«Herritarren esanari kasurik egin gabe, PPk inposatu duen lan erreformaren kontra», martxoaren 29an greba egitera deitu dituzte herritarrak Urola Kostako LAB sindikatuko ordezkariek, Murrizketa, erreforma eta inposaketa gehiagorik ez! Euskal Herriak burujabetza politikoa eta ekonomikoa lelo hartuta. Joan den astean agerraldia egin zuten Azpeitian, eta bertan mobilizazitzera deitzeko arrazoiak azaldu zituzten. Martxoaren 8an Madrilgo Parlamentuan PPren gehiengo absolutuarekin onartutako lan erreformak «negoziazio kolektiboa patronalari oparitu» diola salatu du LABek. Horrez gain, PPkoek sektore publikoa «deuseztu», eta iniziatiba pribatuaren esku utziko dutela ohartarazi dute. «Bideragarritasun ekonomikoaren arguadio faltsua baliatuz, zerbitzu publikoak sistematikoki murriztu egingo dituzte». Politika horiek aurrera eramateko, PPk «hegemonia politiko osoa» duela ohartarazi du sindikatuak. «Bide propioa hartu beharra» Horri guztiari aurre egiteko, Euskal Herriak bide propioa hartu behar duela aldarrikatu dute. «Krisi honek behar duen irtenbidea Euskal Herrian eraiki behar dugu, eta hori euskal eragileon eskutik eraiki behar da». Gaur egun bide hori eraikitzeko bidea mobilizatzea dela dio sindikatuak, eta, horregatik, hilaren 29an greba orokorrera deitu dute. «Borroka egin behar dugu, eta herritarrok iniziatiba hartu behar dugu, gure eskakizunak agenda politikoan sar ditzaten. Politika berriak egiterakoan gure esanak kontuan izan behar dituzte, krisiaren aurrean hartu beharreko erabakiak gobernuen esku gera ez daitezen». Krisiari «irtenbide propioa eta demokratikoa emateko, eraikiz erantzutea» aldarrikatu dute LABekoek. Martxoaren 29an kalera ateratzeko deiaren inguruan zera adierazi du Urola Kosta LABek: «Oso positiboki baloratzen dugu, sindikatu guztiok erreforma honen aurka kalera ateratzea, eta egun berean ateratzea». Ezker abertzalekoen deia Martxoaren 29rako gehiengo sindikalak greba orokorrerako egindako deiarekin bat egin du Azpeitiko ezker abertzaleak ere. Horrez gain, lan erreformaren kontra kalera irteteko eta mobilizazioetan parte hartzeko eskatu die azpeitiarrei. Ezker abertzalekoen arabera, «beste eredu sozial, ekonomiko eta politiko bat beharrezkoa da jendarte justuago eta solidarioago bat eraikitzeko». Haien ustez eredu hori burujabetza politikoaren eta ekonomikoaren bitartez lortuko da. Espainiako Gobernuak bultzatutako lan erreforma «krisiaren kudeaketa negargarriaren azken ondorioa baino ez da», Azpeitiko ezker abertzalekoen arabera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide