Hiruko lehia «ikuskizun ederra» izan dela adierazi du Iraurgi Cup kirol klubak

Nerea Uranga 2012ko martxoaren 21a

Azpeitiko Iraurgi Cup kirol klubak antolatutako beteranoen futbol txapelketa triangularra Realak irabazi du. Joan den larunbatean jokatu zuten lehia Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian, eta izandako emaitzarekin «oso gustura» gelditu dira antolatzaileak. Realaz gainera, Azpeitiko Lagun Onak eta Azkoitiko Anaitasuna aritu ziren nor baino nor. Txapelketan bildutako dirua Iraurgi Cup 2012 Txapelketa antolatzeko erabiliko dute. Ekainean jokatuko dute. «Merezi zuen txapelketak», esan dute Iraurgi Cup kirol klubekoek. «Eguraldiak lagunduta, jende asko izan zen Garmendipen». Beteranoen futbol taldeak «gogoz» aritu zirela, eta «ikuskizun ederra» eskaini zutela azaldu dute triangularraren antolatzaileek. Lehen norgehiagoka Lagun Onak eta Anaitasunaren artean izan zen. Azkoitiko taldea izan zen nagusi, 0-1 eginda. Segidan, Azpeitiko beteranoen talde osatu berriak Realaren kontra jokatu zuen. Bigarren partida ere galdu egin zuten azpeitiarrek, 2-1 eginda. Hirugarren norgehiagoka, Realaren eta Anaitasunaren artekoa izan zen, eta markagailua bigarren partidan bezalaxe gelditu zen bukaeran: 2-1 Realaren alde. Hala, Reala izan zen aurrena, «talde horretan ikusi genituen besteak beste: Lopez Ufarte, Bittor Alkiza, Periko Alonso eta Tomas Orbegozo azpeitiarra». Bigarren postuan Anaitasuna gelditu zen eta hirugarren, Lagun Onak. Iraurgi Cup-ekoen esanetan, txapelketak arrakasta izateko ahalegina denek egin zuten, «bai jokalariek eta baita teknikoek ere». Lagun Onak-i animoak Iraurgi Cup-ek Lagun Onak-eko beteranoen talde berriari aurrera egiten segitzeko animoak eman dizkio. Azpeitiko taldea Iraurgi Cup-ek antolatutako txapelketarako osatu baita, «ea Lagun Onak-eko beteranoen taldeak entrenatzen segitun eta Gipuzkoan zehar antolatutako bete- ranoen txapelketetan parte hartzen duen. Taldeari gure desiorik onena». Beteranoen triangularra antolatzen lagundu dien erakunde eta eragile guztiei eskerrak eman dizkie Iraurgi Cup-ek, «Lagun Onak futbol klubari, Azpeitiko Udalari, Halcon Bidaiak-i eta Ondarbide tabernari».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide