Atzo amaitu zen Amaia Azkueren hilketaren inguruko epaiketa, gauerdi aldera. Besteak beste, akusazioak zein defentsak azken ondorioak aurkeztu zituzten. Defentsako abokatu Iones Labaienek Ander (akusatua) zigortzea ez dela “zilegi” adierazi zuen: “Ez dago horretarako nahiko froga”. Haren arabera, kustodia katean “hainbat hutsune” dago: “Froga fisiko batzuk dituzte; gainerakoak hipotesiak dira. Froga fisikoen kasuan, uste dugu prozedura gaizki egin dela. Oraindik galdera ugari dago erantzuteke”. Besteak beste, autoan aurkitutako aztarna guztiak ez direla ikertu nabarmendu zuen Labaienek herenegun, Justizia Jauregitik ateratzerakoan, ezta Azpeitiko Nuarbe auzoko zaborrontzian zeuden aztarnak ere. “Ez egiteagatik, ez dute akusatuak aipaturiko gizonezkoaren erretratu robota edota, Ander atxilotu ostean, ezagutze gurpilik egin ere”, gaineratu zuen. Defentsak ustezko hiltzailearen bigarren bertsioa berretsi zuen, hala: beste gizon batek auzipetua autoan hartu zuela eta hura izan zela Amaia Azkue hil zuena, eta ez akusatua bera. “Autoan egon zela esatetik norbait hil zuela esatera alde handia dago”, zioen Labaienek: “Psikologoek eta haren lagunek esan dute Ander ez dela inondik inora oldarkorra”.
Bestalde, epaileak “lan gogorra” duela nabarmendu zuen defentsako abokatuak: “Orain epaileari dagokio erabakitzea nahiko froga ba ote dauden Anderren errugabetasuna bertan behera uzteko. Auzitegi Gorenaren arabera, zalantza izpirik izanez gero, ezin da inor zigortu, eta kasu honetan zalantza ugari dago”.
Defentsak epaileari eta fiskalari ikerketarekin aurrera jarraitzeko eskatu bazien ere, haiek ez zutela eskaria onartu gogoratu zuen abokatuak, eta ildo horretatik, absoluzioa eskatzea “beste aukerarik” ez zuela izan: “Koherenteena ikerketarekin jarraitzea da, ez baitira sakonki aztertu orain arteko frogak. Epaileak, ordea, ez du horretarako baimenik eman, eta beraz, absoluzioa eskatu dugu”.
Akusatuak ere abuztuan egin zuen bertsioa, bigarrengoa alegia, berretsi zuela adierazi zuen Labaienek: ez dela “halakorik” egiteko gai, “ez duela inoiz inor jo edo erasotu”. Horrez gain, “beldur dela” gaineratu zuen auzipetuak, ”benetako hiltzailea aske dagoelako”.
Koartada sinezgaitza
Akusazioko abokatu Miguel Castellsek, berriz, gaztearen alibi edo koartada “sinezgaitza” dela adierazi zuen. Azkuetarren abokatuaren arabera, honakoa deklaratu zuen auzipetuak epaiketa amaitu aurretik: autoa gidatzen zihoanak—akusatuaren arabera, hiltzaileak berak— autostopean hartu zuela, eta Meagas parean, “begira zer daukadan hemen” esan ziola. Manta bat altxatu eta Azkue erakutsi ziola, oraindik bizirik. Jarraian, gizonezko horrek laban batekin mehatxatu zuela eta bere aztarnak autoan zehar uztera derrigortu zuela. Aipatu gizonezkoa ez duela ezagutzen gaineratu zuen akusatuak.
Hori dela eta, aurrez egindako zigor eskaria mantendu zuen Castellsek ustezko hiltzailearentzat: hamar urteko kartzela zigorra eta bost urterako zaintzapeko askatasuna. Horrekin batera, Getaria, Orio eta Zarautzera hurbiltzeko debekua eskatu zuen atzo akusazioak, “urruntze agindu handiena legearen arabera”.
Auzia epai zain geratu da. Aurreikuspenen arabera, aste gutxi barru erabakiko du epaileak akusatua errugabea den ala ez.