[caption id="attachment_44416" align="alignnone" width="212" caption="Josu Waliño zumaiarraren artxiboko irudi bat (Argazkia: Elkar)"]

[/caption]
Bost urtetik gorako haurrei zuzendutako hirugarren liburua kaleratu berri du Josu Waliño (Zumaia, 1972) idazleak,
Pirata Ximon. Umeentzako literatura sortzea «gustukoa» du zumaiarrak, eta «eredu berriak» probatu ditu oraingoan.
Zeren inguruko liburua da Pirata Ximon?
Oinarrian piraten inguruko istorioa kontatzen du. Istorioaren elementu nagusiak eman ditut; hau da, pirata nor den, hanka nola galdu zuen, loro bat duela... kontatu dut. Haurrak ipuinarekin jolasteko aukera izatea da lanaren helburua. Istoriotik harago, haurrak bere kasatara amets egin dezan lortu nahi dut liburuaren bidez.
Hortaz, istorio irekia al da?
Ez, historioa itxia da. Hasiera eta amaiera ditu, baina oinarrian elementu asko daude; istorioaren helburua haurrek imaginatzea eta amets egitea da. Hori da zabaldu nahi dudan mezua. Horretarako, gainera, tresna batzuk eman dizkiet, umeek ondoren ere imaginatzen jarrai dezaten.
Lehenengo aldia al da gisa horretako formula bat erabiltzen duzuna?
Adin tarte horretarako beste bi liburu idatzi ditut, baina zentzu horretan desberdinak dira. Aurrekoak klasikoagoak dira; istorio bat kontatu nuen, eta kito. Kasu honetan ere istorio bat kontatu dut, baina horrez gain, elementuak aurkezten joateko planteamendua landu dut. Istorioa, modu irekian emanda, bidea hartzera bultzatzen dut haurra. Teknikoki, beraz, formula oso desberdina da.
Zerk eraman zintuen hori egitera?
Ipuina idaztea pentsatu nuenean, hasieratik hala egitea erabaki nuen. Istorio bat kontatu nahi nuen, baina beste modu batera. Umeari istorioa osatzeko aukera ematea zen nire asmoa. Beste kontu bat da haurrak gero mezua jasotzea, eta horretarako prest egotea.
Dagoeneko hainbatetan idatzi dituzu haurrentzako liburuak. Zergatik erakartzen zaitu horrenbeste literatura mota honek?
Irudimen askoko literatura izan daiteke, eta testuetan elementu asko sartzeko aukera ematen du. Umeentzat gustagarria izan dadin, dibertigarria izan behar du literaturak, eta idazlearentzat ere hala izan daiteke. Haurrak, gainera, esker onekoak dira, beti ere irakurtzen dutena gustatzen zaienean. Haurrek gozatu egiten dute liburuekin, eta gustatzen zait haientzat idaztea.
Aurrerantzean ere haurrentzako literatura idaztea al da zure asmoa?
Orain arte kaleratu ditudan liburuak adin tarte askotako irakurleentzat dira. Estilo eta gustu jakin batzuk ditut, eta isla dute nire literaturan. Hurrengo liburua ziurrenik helduentzako izango da, eta litekeena da haurrentzako beste zerbait egitea ere. Orokorrean, ideiak sortu ahala idazten dut; ez dut publikoari begira idazten, beraz.