Eskaerei eutsiko diete abokatuek Amaia Azkueren hilketaren inguruko epaiketaren azken saioan

Urola Kostako Hitza 2012ko martxoaren 19a

Ordu erdi barru hasiko da Amaia Azkueren hilketaren inguruko epaiketaren azken saioa Donostiako Adingabeen Auzitegian. Azkuetarrak bertan dira jada. Baita Ioanes Labaien abokatua ere. Azkuetarren abokatuak eta defentsa abokatuak ondorioak jakinaraziko dituzte gaur arratsaldean, hiruretatik aurrera, froga dokumentalak aurkeztu ostean. Akusatuak azken hitza esateko aukera ere izango du. Ez dute zehaztu zenbat egun beharko dituen epaileak epaia jakinarazteko. Bost egun iraun du epaiketak, eta 65 bat lagunek deklaratu dute lekuko gisa. Sei froga aurkeztu dituzte perituek. Ezin izan dela frogatu akusatuak Amaia Azkue hil zuenik azalduko du defentsa abokatu Ioanes Labaienek; biktimaren autoan eta oriotarra hil zuten lekuan egon zela bai, baina hiltzailea bera izan dela ez. Hala, kasua artxibatzeko eskatuko du. Fiskaltzak eta Azkuetarren abokatu Miguel Castellsek, berriz, 10 urteko kartzela zigorra eskatuko dute auzipetuarentzat. Ostiralean Castellsek adierazi zuena errepikatuko du gaur epaiketan: "Aurkeztutako froga bat bera ere ezin izan da atzera bota". Hori hala, auzipetuak Azkue hil zuela frogatuta geratu dela ondorioztatuko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide