Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendi eta Parekidetasun zinegotzi Ane Eizmendi Donostiako Adingabeen Auzitegian izan dira, Zarauzko Udalaren izenean Amaia Azkueren familiari babesa agertzeko. Epaitegi barrura sartu dira Azkueren familiarekin egoteko, eta bost minutu inguru egin dituzte bertan. Kanpora atera eta hainbat adierazpen egin du Illarramendik. Alde batetik, gaur 19:00etan Zarautzen egingo den elkarretaratzean parte hartzeko eskatu die herritarrei. “Prozesua azkar amaitzea espero” duela esan du, eta “justizia” eskatu du. Azkueren familia ere gogoan izan du: “Familiari ahalik eta babes handiena ematearren etorri gara hona. Familia une gogorrak bizitzen ari da. Amaiaren senarra ere nekatuta dago, baina indartsu dago, ez da behera etorri”. Epaiketatik “ateratzen den emaitzarekin familia gustura gelditzea espero dut”, gaineratu du.