Iaz kaleratu zuen Itziar Zigak (Errrenteria, 1973) Sexual Herria. Polemika sortu du—Facebook-ek liburuaren azala zentsuratu zuen— , baina ez du helburu polemikoa: euskaldunak berriz putifikatu, pornifikatu eta sexualizatzeko asmoarekin idatzi du errenteriarrak liburua. «Gudaria puta edota trabesti bihurtzeko garaia» dela dio, eta horren aldeko aldarria egiten du. Feminismoa oinarri hartuta, emakumearen eta sorginen irudia goraipatu du, eta katolizismoaren eta Elizaren jarrera zapaltzailea salatu: «Heterosexualitatea aukera bakar gisa inposatu du, ugaltzeko tresna bezala, eta ez plazerra lortzeko bide gisa». Gaur aurkeztuko du bere azken lana, Garoa liburudendan, 20:00etan.
Zer islatu nahi izan duzu liburu honekin? Zein da Sexual Herria-ren helburua?
Liburua baieztapen inozo batetik abiatzen da; Euskal Herrian ez dela txortan egiten, alegia. Horren aurrean, gure miseria sexualak euskaldunon izaerarekin ez duela zerikusirik erakutsi nahi izan dut. Are gehiago, euskal kultura berriz putifikatzeko, pornifikatzeko eta sexualizatzeko asmoarekin idatzi nuen Sexual Herria. Eta berriz diodanean, aurreko garaiei egiten diet erreferentzia, ez baikara beti hain zuhurrak izan. Sexualki garai hobeak bizi izan ditugu, haragikoiagoak, lizunagoak. Garai horiek, ordea, konkista katolikoarekin amaitu ziren.
Zer-nolako eragina izan zuen konkista katolikoak euskaldunengan?
Kultura katoliko zapaltzaile horrek garai hartako errealitatearen ikuspegi jakin bat erakutsi izan du beti, egia manipulatu du. Izan ere, sorgin-ehiza hori ezkutatu egin izan da askotan. Garai hartan torturatu eta hil zituztenetatik %85 emakumeak ziren, eta mundu modernoa eraikitzerakoan horrek izan duen eragina minimizatu egin nahi izan dute, baita lortu ere. Kristandadean boterean zeudenak sorgin-ehiza hori baliatu zuten garai hartako emakumeen botere soziala ezkutatzeko, eta horrekin, herrien jatorrikortasuna estali zuten. Hala, gizartea kontrol estatal, sozial, politiko eta ekonomiko gogor baterako prestatu zuten.
Nolakoak ziren konkista katolikoaren aurreko garaiak?
Sorgin-ehiza horri heldu diot, sorginen irudia goraipatzeko eta haiek zuten papera azaltzeko. Sorginak gure arbasoak ziren, askeagoak eta autonomoagoak, eta noski, sexualki irekiagoak. Liburuaren bitartez, zera salatu nahi izan dut: sorgin-ehiza horren bitartez garaiko emakume eta gizonezkoak arrastoan sartu nahi izan zituztela, arau heterosexuala aukera bakar gisa inposatuz. Ildo horretatik, sexualitatea ugaltzeko besterik ez zela erakutsi nahi izan zuten, eta ez plazerra
lortzeko bide gisa.
Horrez gain, euskaldunen eta emakumeen etsai handien testuak ere gehitu dizkiot liburuari, Lapurdin ehunka sorgin hil zituen Pierre Lancre inkisidorearenak eta XII. mendean Euskal Herria zeharkatu zuen erromes batenak, besteak beste. Biek ala biek emakume euskaldunak sexualki oso askeak zirela zioten, exhibizionistak. Horren ondorioz, moral kristau katolikoari izeka egiten ziotela nabarmentzen zuten. Horrek nolabait frogatu du beti ez garela sexu kontuetan hain zuhurrak edo mojak izan .
Sexu askatasunaren eta feminismoaren inguruko aldarrikapena da, hortaz.
Bai, ezinezkoa da nik feminismoarekin loturarik ez duen zerbait idaztea; feminismoa da nire kredo nagusi eta bakarra. Emakumeen autonomia sexuala eta gorputza kontrolatuz gizartea askoz ere hobeto kontrolatzen dela islatu dut; bide hori baliatu dute estatu kristauek herritarrak mendean hartzeko. Eta horregatik diot gizartea berriz putifikatu eta sexualizatu behar dela, gizartea askatzeko borroka horretan feminismoa baita aurrera jarraitzeko mugimendu iraultzaile bakarra.
Kristandadearen eraginez hainbat tabu sortu dira. Hala ere, bestelako faktoreek ere izan dute eragina, ezta?
Beste hainbat faktore badaude,noski. Baina moral katolikoaren eta Elizaren jarrera zapaltzaile horri aurre egiteko beharra sentitu dut, asko izorratu baikaitu. Emakumeak moralki gogor zapaldu ditu. Kolonizazio katoliko hori salatzeaz gain, borroka armatua ere aipatu dut. Egoera horren ondorioz euskaldunek gudari jarrera hartu dute zenbaitetan. Bi kontzeptu horiekin , diskrezio sexuala geure-geurea egin dugu. Identitatea, ordea, oso kontu malgua dela uste dut eta gure nahien zerbitzura egon beharko lukeela.
Bartzelonako sexu erbestealditik itzuli bezain laster idatzi zenuen Sexual Herria. Berriz ere euskaldunon sexu ohituretara itzuli aurretik bukatu nahi al zenuen?
Beste askoren antzera, herriko errepresio kontroletik ihesi joan nintzen Bartzelonara, sexu esperientzia askotarikoaren, askeagoaren bila; gordin hitz eginda, larrutan gehiago egiteko asmoarekin. Eta egia da herritik kanpo esperientzia sexual gehiago izaten direla. Herrian, eremu txiki horretan, gutaz esaten dezaketenari garrantzi handia ematen diogu; Bartzelonan, ordea, askeago sentitzen zara. Hala ere, garaiak aldatzen ari direla uste dut, eta egun batetik bestera Euskal Herrian ere sexualki irekiagoak izango garela, ziur. Bada garaia gure gudari hori putarena edo trabestiarena egiten hasteko.
