Bihar ostiralez, Txumai, orain arteko zure kirol ibilbidea omenduko du Zarauzko Udalak esker onez, xalo. Ekitaldi honen aitzakiara hara ni hemen, poza eta zorrak tarteko, seriean barruko taupadak herriratzen.
Txumaibitx! Zenbat pauso eman ditugun elkarrekin e!? Lokatzetan, errepidean, pistan, bidaietan, helburuetan, ilusioetan, ahuldadetan, erabakietan eta irabazietan. Biok alboz albo tipi-tapa aurrerantz, arnasa gora edo behera, baina ni zugan babes beti, makulu fidela.
Zure kirol ibilbidean erakutsi diguzu kirola buztin bihurtu eta pertsonaren moldera egokitzen; norberari, gorputzak esaten dion horri, jarraitzen ( kronometroen zenbaki zorrotzak gaindi); laguntasuna, osasuna eta umorea doan oparitzen; mugak (ai nire mugak!) hausteko eta ametsak betetzeko direla eta hala, sinisten dugun horri tinko eusten. Eutsi!
Eta halaxe, eguneroko lan jarrai eta isiletik lortu genuen gure urratsa inoiz pentsatuko ez nuen lekuetaraino iristea. Natural eta gure neurrira beti. Eta bai, bai…atletismoa eta emaitzak gaindi, gu beti kuttun astindu dugun ingurumari orotan.
Zure kirol bidearen erruz nire bizi bidea (eta alboan topatu zaituzten gehiagorenak) betiko aldatu dituzu, motel. Segiok ba trostan, hire erara, gizateriari zirikan.
Nire bizitzan podiumean ditudan balore eta irakaspen handienak zugandik datoz.Kilometroka eskerrik asko, Txumai!
Iratxe Aranburu. Zarautz