Gizonezko bat atxilotu dute Azpeitian, adingabeak estortsionatzea leporatuta

Urola Kostako Hitza 2012ko martxoaren 16a

Gizonezko azpeitiar bat, 26 urtekoa, atxilotu du Ertzaintzak, eta 16 urteko beste lagun bat konplize gisa inputatu, adin txikiko herritar batzuei mehatxu egitea eta estortsionatzea leporatuta. Asteartean atzeman zuten gizona. Azkoitiko Ertzain-etxean jasotako salaketak dioenez, pasa den otsailaren erdialdera, 13 eta 14 urte bitarteko gaztetxo koadrila batek, Azpeitiko hilerri inguruan jolasean zebilela pistola bat aurkitu zuen, txabola baten hondakinen artean. Balinezko pistola zen, funtzionatzeko CO2ko bonbonatxo bat behar duena. Harekin jolasean ibili ondoren, inguruko erreka batera bota zuen adiskide taldeak. Sare sozialen bidez Ondoren, Interneteko sare sozialetan pistolaren inguruko hainbat aipamen egin zuten nerabeek, eta pistolaren ustezko jabeak horren berri jakin zuen. Beti ere ertzainek jasotako salaketaren arabera. Handik bi egunetara, pistola aurkitu zuen gaztetxo horietako batekin kalean topo egin zuen pistolaren ustezko jabeak, eta arma aurkitu zuten tokian uzteko agindu zion. Hurrengo egunean bertan egin zuten adingabeek agindutakoa, pistola aurkitutako tokian utziz. Handik egun batzuetara, ordea, ustez pistolaren jabea den 26 urteko azpeitiarrak dirua eskatu zien gaztetxoei, pistola puskatuta zegoela argudiatuta; 800 euro eta 1.000 euro bitartean eskatu zizkien, heriotza mehatxuak eginez. Mehatxu haiekin beldurtuta, adingabeek 300 euro ordaindu zizkien pistolaren ustezko jabeari. Dena den, pistolaren ustezko jabeak adingabeak mehatxatzen jarraitu zuen, eskatu adina diru eman ez ziotelako. Ertzainek gertaeren berri izan orduko, 26 urteko gizonezkoa atxilotu egin zuten, adingabeei mehatxu egitea eta estortsionatzea leporatuta. Ertzaintzaren arabera, atxilotutakoak delitu aurrekariak ditu. Behin polizia izapideak eginda, asteazken goizean Azpeitiko epaitegiaren esku utzi zuten atxilotutakoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide