Izarrak ikustera aterako dira bihar gauean Arkamurka elkartekoak. Astronomia Asteko azken ekitaldia izango da, eta nahi duten herritar guztiek hartu ahalko dute parte. 20:15ean bilduko dira elkartearen egoitzan (Santa Marina kalea). Ordenagailuan konstelazio batzuk ikusi eta ikasi, eta 21:15ak aldean abiatuko dira Santa Barbarara. Elkarteko kideen teleskopioak eramango dituzte, eta, eguraldiak laguntzen badu, izarrak ikusten eta haiei buruz berriketan pasatuko dituzte ordu batzuk. Santa Barbarara joango diren Arkamurkako kideetako bi dira Iñigo Elorza
(Zarautz, 1967) eta Ander Souza (Donostia, 1963). Astronomiari buruz liburu «txapak» irakurtzea du gustuko aurrenak, zeruari begira orduak igarotzea bigarrenak.
Zein da bihar gaueko plana?
Ander Souza: Egoitzan elkartuko gara gau behaketa egiteko asmoa dugunok, eta dozena erdi konstelazio ikasiko ditugu. Konstelazioen argazkiak ikusiko ditugu egoitzan, jendeak ideia bat izan dezan. Hala, errazago ikusi ahalko dituzte Santa Barbarara igotzen garenean. Guk lagunduko diegu, noski, baina behintzat ideia bat eginda joango dira. Konstelazio sinpleak hautatu ditugu: Hartz Handia, Hartz Txikia, Casiopea… orain Andromeda ere oso polita dago, eta hori ere erakutsi nahi diet.
Eguraldia izango da gakoa, ezta?
A.S.: Bai, noski. Lainotuta badago ezingo dugu ezer egin, baina azken egunetako eguraldia ikusita, badirudi eutsiko diola. Bestetik, hemen argitasun handia dago, eta, beraz, ezingo da konstelazio osoa ikusi. Kasu honetan argi kutsadura gure aldekoa da, izar ahulenak ezkutatu, eta argitsuenak ikusteko aukera ematen du. Jendeak ikastea errazagoa da.
Zenbat ordutako behaketak egiten dituzue?
Iñigo Elorza: Gugatik balitz, denbora gehiagoz egongo ginateke, baina lau ordu ingurukoak egiten ditugu. Izan ere, jendea alde egiten hasten denean, guk ere gauzak jaso eta alde egiten dugu. Baina taldekoak bakarrik joaten garenean ere, batzuk beste batzuk baino gehiago egon nahi izaten dute. Ander, esaterako, ez da inoiz aspertzen.
A.S.: Tira, eta hala ere, nik ez ditut argazkiak ateratzen. Argazkigintzan dabiltzan batzuek lasai asko igaro dezakete gau osoa argazkiak atera eta atera; 10 ordu ere igaro ditzakete.
Astronomia Asteko azken hitzaldia gaurkoa izango da (Bizitzarako energia, 20:15ean, Fernando Jauregiren eskutik). Zein izaten da aste honen helburua?
A.S.: Jendeak ikastea interesatzen zait niri. Izan ere, jendeak astronomia ezagutza maila oso baxua du. Herritar normalentzat da ekimena. Informazio asko dago gaur egun, baina jendeak ez dio kasurik egiten. Gainera, zaleek asko eman diezaiokete zientzia honi; kontuan izan behar da hori. Beste batzuek ez dute horretarako aukerarik ematen, baina bai astronomiak.
Adibiderik eman al dezakezue?
A.S.: Kometen lokalizazioa, supernoben lokalizazioa, jarraipenak… Gauza asko egin daitezke. Badago kometak aurkitu dituen jendea, eta gero bere izena jarri diote kometa horri. Galiziar batek, esaterako, supernoba bat aurkitu zuen eta sekulako teleskopioa oparitu zioten. Zelako inbidia!
Afizionatuak laguntzaileak dira, beraz.
I.E.: Bai. Izan ere, profesionalek beren gain hartu ezin ditzaketen gauza asko dago. Haiek erabiltzen dituzten teleskopio erraldoiak izugarri garestiak dira, eta ezinezkoa da haiekin egunero ea zerbait berria ote dagoen begiratzea. Horretarako daude zaleak;; mundu mailako sarea dago, batzuk oso onak dira, eta gauero supernobak eta kometak begiratzen egoten dira. Zerbait berria dagoenean, segituan abisatzen dute.
Profesionalen eta afizionatuen arteko elkarlana.
I.E.: Bai, profesionalek oso aintzat izaten dituzte.
A.S.: Bai, gainera afizionatu klasikoak hamar edo hogei galaxia begiztatzen ditu, eta buruz ezagutzen ditu. Hortaz, galaxia horretan agerraldi bat dagoen momentuan, abisatu egiten du. Izan ere, normalean prozesu motzak izaten dira, eta garrantzitsua da bat-batean abisatzea. Hala, profesionalen teleskopio handiak hara begiratzen du, eta egia den ala ez argitzen du. Normalean beti informazioa zuzena izaten da.
Beraz, teleskopio handiak puntu zehatz batzuetara begira jartzen dituzte, ezta?
A.S.: Zerua oso handia da, eta teleskopio erraldoi horiek zeru zati oso txikiak begiratzen dituzte. Kepler teleskopioa, esaterako, zati oso-oso txikia begiratzen ari da momentu honetan; satelite eta izar bila ari da.
I.E.: Gauza oso zehatzak eta oso programatuak begiratzen dituzte. Esaterako, Kanariar Uharteetan (Espainia) dago egun munduko teleskopio handiena; Grantecan. Behaketa gau bakoitza 50.000 euro inguru kostatzen da. Beraz, diru hori ordaindu duenak ez du esango «ea gaur zer ikusten dugun». Ez, oso ongi dakite zer den ikusi nahi dutena, eta zer den egin nahi dutena.
Astronomia norantz doa? Zerk du gaurkotasuna egun?
I.E.: Bi gauza aipa daitezke. Esaterako, beste planeta batzuren aurkikuntza dago pil-pilean. Gertuen dauden izarren inguruan planeta pila bat aurkitzen ari dira. Planeta txikien bila ari dira, eta bizitzarekin bateragarriak diren ezaugarriak dituztenak. Horrek ez du esan nahi hor bizia dagoela jakin behar dugunik; Lurraren antzeko zerbait badagoela eta agian bizitza egon daitekeela esan ahal izatea baizik.
Zein da bigarren arloa?
I.E.: Kosmologia. Genevan (Suitza) badago aparatu bat, Cern deiturikoa, partikulen azeleragailuekin lotutakoa. Fisikan aldaketa asko eragiten ari da, eta horrek sekulako eragina du kosmologian: unibertsoaren ikusmoldean. Unibertsoa nola jaio zen, eta nola hilko den, zer gertatzen ari den unibertsoan… Azken hamabost urteetan gauza harrigarri bat aurkitu dute: unibertsoa handitzen ari da, gero eta azkarrago. Ez da logikoa. Zer dago horren atzean?
Interneten badaude bideoak, unibertsoaren tamaina azaltzen saiatzen direnak; distantzia errealak zein diren. Ikaragarria da.
I.E.: Bai, eta arazo handia izaten dugu horrekin. Ez dugu erreferentziarik hamahiru mila milioi argi urte zenbat den ulertzeko. Zertaz ari gara, zenbat zero daude hor? Fisika mikroskopiko nuklearraren iraultzak erabateko eragina du unibertsoaz dugun ikuspegian. Eta hori azken hamarkadan pasatzen ari da. Zentzu horretan, momentu ikaragarrian batean gaude.
Souzak Astronomia Astean berak emandako hitzaldian kontatu omen zuen mundua noiz amaituko den. Benetan zientzialariek ba al dakite noiz amaituko den?
A.S.: Badakigu data zehatza, bai, baina ez da aurten izango, askok uste duten bezala: mundua ez da 2012an amaituko; hiru mila milioi urte barru amaituko da mundua. Andromedak Lurrarekin egingo du topo. Galaxia hori gugana gerturatzen ari da segundoko 800 kilometroko abiaduran, baina oso urrun dagoenez, denbora tarte hori guztia beharko du hona iristeko.
Beste dataren bat eman al dezakezue?
I.E.: Eguzkiarena, esaterako. Baina bitxia da: kontatzen duzu eguzkia bost mila milioi urte barru ikaragarri haziko dela, beste fase batean sartuko delako. Ziurrenez Lurra eguzkiaren barruan geldituko da. Eta beti dago hori noiz gertatuko den errepikatzeko eskatzen dizun norbait: bost mila milioi urte, esaten duzu. «Ah, bale!», erantzuten dizute. Baina hasieran, kezka horrekin gelditzen dira.
Unibertsoa gero eta azkarrago zabaltzeak, esaterako, ez al dizue kezka sortzen?
I.E.: Kezka, ez. Harrigarria da niretzat, ez dut ulertzen arrazoia. Teoria asko daude, baina urruti gaude zer gertatzen den jakitetik. Hor barruan eremu bat egon behar du. Ez dakigu nolakoa, ez da eremu elektromagnetikoa, beste zerbait da. Eta eremu horrek egiten du unibertsoaren hormak jotzea eta zabaltzea. Ez daukagu arrastorik zergatik. Gauza asko dakigu; ehun urtean ikaragarri aldatu da, baina zenbat gelditzen zaigun imaginatu ere ez dugu egiten.
A.S.: Iñigok aipatu duen eremu horri energia iluna deitzen zaio, baina ez iluna delako, nolako energia den ez dakigulako baizik. Gainera, unibertsoaren %72 da, zati garrantzitsuena da dudarik gabe; galaxiak eta guk ikusten duguna %5 izango da. Gainerako %23 materia iluna izango da, berriz.
Hiztegia
Konstelazioa: Zerua izarrak multzotan bilduta zatitzeko erabiltzen diren sistemak dira. 88 konstelazio daude: Orion, Andromeda eta Aquarius, kasu.
Galaxia: Izarrez, gasezko eta hautsezko lainoz eta materia ilunez osaturiko grabitate-multzoa da. Galaxia baten barruan aurki daitezkeen azpiegiturak honako hauek dira: izar-lainoak, izar multzoak eta izar sistemak. Gure galaxia Esne Bidea da, eta horixe aurkitu zuten aurrena zientzialariek.
Unibertsoa: Egon daitekeen materia eta energia guztia eta hauek existitzen diren espazio eta denboraren batasuna da unibertsoa.
Supernoba: Oso masa handia duten izarretan sortzen den leherketa da; gehiago fusionatu ezin dutenean gertatzen da. Leherketa gertatzen denean bat-batean uzkurtzen dira, eta ondoren energia handia igortzen dute. Supernobek hainbat astez edo hilabetez irauten duten argi-izpi oso distiratsuak igortzen dituzte.
Kometa: Eguzki sistemako argizagi mota bat dira eta eguzkiaren inguruan orbitatzen dute, orbita oso eliptikoak egiten. Eguzkiaren ondotik pasatzean isats moduko bat agertzen da, 30-80 milioi kilometrokoa.



