Zestoako XXXIV. Herri Krosa igandean izango da. 10:00etan txikien lasterketak hasiko dira, eta 11:30ean helduen proba izango da. Joxe Orbegozoren oroimenez jokatuko da aurten. Hala, iaz
hil zen Joxe Orbegozo, eta sariak banatzerakoan gogoratuko du Zestoako Atletismo
Taldeak. «Zestoako atletismoari eman zion bultzada eskertuko dugu».
Benjaminen, alebinen eta infantilen lasterketan parte hartzeko igandean bertan eman behar da izena, 10:00ak baino lehen. Lasterketa nagusirako, berriz, aurrez Internet bidez edota Zestoako kiroldegian eman daiteke izena, bost euro ordainduta.
Igandean, garestiago
Egunean bertan ere eman ahalko da izen, 11:00ak baino lehen. Hamar euro kostako da, ordea. Udaletxe azpian jarriko dute postua, eta bertan eman beharko da izena. Dortsalak ere hantxe jaso beharko dituzte parte-hartzaileek.
Iaz 145 korrikalarik hartu zuten parte Zestoako herri krosean. Aurten dagoeneko 80 lagun inguruk eman dute izena aurrez. «Gehienak azken egunetan eman dute izena. Iaz lasterketa egunean bertan ere jende dezentek eman zuen izena; 40-50 bat lagunek», dio Zestoako Atletismo Taldeko Jone Iruretak. Tradizio handia du Zestoako herri krosak, eta herritar askok hartzen dute parte. «Herri krosean eta Akoako biran ere zestoar askok hartzen du parte. Lilatoira ere hogei neska joan ginen Zestoatik». Zestoarrek lasterka egiteko ohitura badutela dio Iruretak. «Ez dugu antolatutako talderik, baina bere kasa jende asko ibiltzen da korrika. Zaletasuna badagoela ematen du, eta lehen atletismoan jardun eta gaur egun 30-40 urte inguru dutenek berriro lasterka egitera itzultzen ari dira».
Lehengo futbol zelaiaren inguruan entrenatzeko maitea dute Zestoako lasterkariek. «Orain neguan inguru horretan ibiltzen gara entrenatzen, eta xarma dauka lekuak, egia esan». Horrez gain, herri inguruan futbol zelaitik bainuetxerako ibilbidea eta Iraeta alderako bidegorria dira zestoarren entrenamendurako tokiak.
Atletismoaren sustatzailea
Zestoan atletismoa sustatzeko lan handia egin zutenetako bat Joxe Orbegozo izan zen.
Horregatik, igandeko herri krosean hura izango dute gogoan. «Gaztetan hartu zuen parte krosean, baina lehiatu baino gehiago, haurrak entrenatu zituen Orbegozok», dio Iruretak. «Orain dela 25-30 urte Zestoako Atletismo Taldea osatzeko lanean jardun zuen, eta haurrekin eta gazteekin krosetara joaten zen; hara eta hona ibiltzen zen beti. Horregatik, aurtengo krosean hura gogoan izan nahi dugu».
Urtero bezala, aurten ere maila guztietako irabazleentzat sariak izango dituzte, eta lasterketa bukatzen duten guztien artean opariak zozkatuko dituzte, eta parte-hartzaile guztientzako hamaiketakoa izango da.
