Zumaiako Zelai hoteleko zuzendaritzak enpresako hogei langile finkoak kaleratuko ditu martxoaren 28an, Zigor Gazpiok, Zelaiko ELA sindikatuko ordezkariak jakinarazi duenez. Gazpiok UROLA KOSTAKO HITZA-ri adierazi dionez, zuzendaritzak herenegun jakinarazi zien beharginei egun horretan kaleratuko zituztela. Zuzendaritzak ez duela enpresa itxiko salatu du Gazpiok: «Patronalak ez du idatziz adierazi hotela itxiko duenik, eta horregatik ez da batere normala langile guztiak kaleratzea». Zuzendaritzak «mendeku» bezala hartu du erabakia, ELAko ordezkariaren ustez, «langileak pasa den hiletik greban gaudelako». «Ez du onartu langileok grebarako dugun eskubidea». Zuzendaritzak lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko kalte-ordaina emango die langileei.
ELAko ordezkariak ez du argitu enpresako zuzendaritzak zer egingo duen gero, baina ez du baztertu beste langile batzuk hartuko dituenik. Hori hala izanik, langileek helegitea aurkeztuko dute Donostiako Lan Ikuskaritzan, eta epaitegian. Halaber, otsailean hasi zuten grebarekin jarraituko dutela jakinarazi du langileak.
Gazpiok adierazi duenez, zuzendaritzak otsailaren 27an aurkeztu zuen kaleratze orokorrerako eskaera. Hasiera batean hoteleko hogei langile finko kaleratuko dituzte hil bukaeran. Azken hilabeteetako kaleratzeak haintzat hartuta, guztira 30 langile finko geratuko dira lanik gabe. Izan ere, iazko abuztuan sei langile joan ziren langabezira, eta gainontzeko kaleratzeak urtearen hasieratik izan dira. Kaleratutako langile guztiak azpikontratatutako beharginez ordezkatu dituztela salatu du beste behin ELAko ordezkariak.
Otsailetik greban
Pasa zen hilean hasi zituzten protestak hoteleko langileek, ordura arteko kaleratzeak salatzeko. Otsailaren 10ean greba hasi zuten, eta hasiera batean lanuzteak otsaileko hiru asteburutan egitekoak baziren ere, martxoan ere lanuzteak egiten jarraitu zuten. Ordutik, ostiraletan, larunbatetan eta igandetan ari dira egiten greba. Zuzendaritzak, ordea, hasieran itxiera patronalarekin erantzun zion zion grebari. Aldi berean, Zelai hoteleko zuzendaritzak astegunetan %100eko LET Lan Erregulazio Txostena aplikatzeko eskaera aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Lan Sailean. Patronalak neurria «ezinbestean» hartu bezuela eskaera, baina Lan Delegaritzak atzera bota zuen eskaera hori.
UROLA KOSTAKO HITZA hoteleko kudeatzailearekin harremanetan jartzen saiatu da, zuzendaritzaren iritzia jasotzeko, baina ez du aukerarik izan harekin hitz egiteko.