Orioko Herri Ikastolak mendi lasterketa antolatu du bigarrengo aldiz jarraian, Orioko Udalaren laguntzarekin. Apirilaren 11n jokatuko dute proba, eta aurten berrikuntza nabarmenak izango ditu probak. Izan ere, ibilbidea aldatu egin dute antolatzaileek, eta Orio inguruko hainbat gune berreskuratuko dutela jakinarazi du Iñaki Berazak, Orioko Herri Ikastolako zuzendariak. Zirkuitu «politagoa» izango dela aurreratu du zuzendariak. San Juan baselizatik Kukuharri ingururako bidea egingo dute parte-hartzaileek, iaz ez bezala. «Bide hori galduta zegoen orain arte; sasiz betea zegoen eremua. Inguruko bizilagun batzuen laguntzarekin garbitu egin dugu eremua, korrikalariek aprobetxa dezaten», dio Berazak.
Bide berriarekin herriko txoko «ezezagunak» ezagutzeko aukera eman nahi diete parte-hartzaileei. Bide horretaz gain, beste hainbat zati berri ere izango du ibilbideak. Besteak beste, Itsaspetik hondartzarako eremua eta Erretxabal inguruan aldaketak izango dira, eta iazko ibilbidearen norantza ere aldatu egingo dute. Aurten, gainera, Erramu Egunarekin bat egingo du lasterketak. Beraz, helmugarazko bidean lehiakideak herriko eliza aurretik ez igarotzea erabaki du Orioko Herri Ikastolak. «Ordu horretan jende asko elkartzen da eliza aurrean». Hori izan da ibilbidea aldatzeko beste arrazoietako bat.
Ibilbide berriarekin «ikuspegi politagoak» izateaz gain, mendi lasterketetako eremuetara «gehiago egokitzen» dela uste dute antolatzaileek. Iaz baino bi kilometro gehiago izango ditu bideak. 10:00etan hasiko da proba, ikastola aurretik, eta hogei kilometro egingo dituzte korrikalariek Orioko inguruetan barrena.
Gehienezko parte-hartzea
Antolatzaileek gehienezko parte-hartze kopurua zehaztu dute. Aurten gehienez 350 lagun lehiatu ahalko dira; iaz baino ehun lagun gehiago, hain zuzen ere. «Aurreko urtekoa lehenengo aldia zen, eta ez genekien proba gainditzeko gai izango ginenik». Izan zuen harrera ikusita erabaki dute parte-hartzaile gehiego onartzea. Hala ere, ikastolako zuzendariak ohartarazi du halako lasterketetan «kontuz» ibili beharra dagoela, probak ingurune naturaletan egiten direlako. Hori hala izanik, hurrengo urtera begira inskripzio muga aztertuko dutela adierazi du Berazak. «Ezin ditugu askoz parte-hartzaile onartu, baina aztertu beharreko kontua da, etorkizunera begira».
Orioko Mendi Lasterketan aritzeko www.oriokoikastola.net helbidean eman daiteke izena, hamabi euroren truke. Atzo goizean dagoeneko 266 lagunek zuten izena emanda. Hasiera
batean martxoaren 29an amaituko da horretarako epea, beti ere lehenago parte hartze kopuruaren muga gainditzen ez bada.
Antolatzaileek herrian «beste era bateko zerbitzu bat» eskaintzearren prestatu dute bigarren aldiz lasterketa. «Herrian ez zela halako lasterketarik egiten ikusi genuen, eta herrian ditugun parajeak ezagutzeko aukera polita zela iruditu zitzaigun». Aurreko urtean izan zuten harrerarekin «gustura» dira antolatzaileak, eta aurrerantzean mendi lasterketa prestatzen jarraitzeko asmoa azaldu dute.