Gaur ere zarauztar talde bat izan da Donostiako Adingabeen Epaitegi atarian, Amaia Azkueren familiari elkartasuna eta babesa adierazteko. Orokietako Guraso Elkartekoak izan dira bertan, baita Zarauzko Udaleko bi zinegotzi ere, besteak beste. Bestalde, Azpeitiko Bilduk kasua “lehenbailehen” argitzeko eskatu du, ohar baten bidez. Horrekin batera, “une gogor hauetan” Azkueren familiari eta lagunei bere elkartasuna, samina eta babesa adierazi dio, eta halako gertaerak “onartezinak” direla nabarmendu: “Berriro horrelakorik gerta ez dadin beharrezko neurriak hartzeko konpromisoa hartzen dugu “. Horrekin batera, herritarrei Urola Kostako Koordinadora Feministak ostiralean Azpeitian egingo duen elkarretaratzera bertaratzeko dei egin die. 19:30ean izango da. Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian ere izango dira elkarretaratzeak etzi:
Getarian: 20:00etan, udaletxearen aurrean
Orion: 20:30ean, herriko plazan
Zumaian: 19:30ean, magnoliopean
Zarautzen: 19:00etan, udaletxeko plazan