Zarauzko PSE-EEk webgunea sortu du, “herritarrak bereganatzeko eta haien iritziak eta proposamenak jasotze aldera”. “Eztabaida gune” izateko asmoarekin sortu dute www.ezkertokia.wordpress.com web orria, prozesu parte-hartzailea bultzatuz eta herritarrengana hurbilduz. “Garai berriak dira, eta garaiotara egokitu beharra dugu guk ere”, nabarmendu du Patxi Elola zinegotziak. Webgune berria ez dela “norabide bakarrekoa” izango gogoratu du Iker Azpeitia PSE-EEko zinegotzi ohiak: “Herritarren proposamenak jaso nahi ditugu, haiek baitira errealitatea hobekien ezagutzen dutenak”.
Web orriaz gain, bestelako tresna informatikoak ere sortu dituzte, Facebook eta Twiter sare sozialetan kontuak, esaterako.
Hainbat atal ditu aipatu webguneak: Albisteak (hedabideetan kaleratutako berrien hemeroteka), Iritzia (alderdiaren iritziak Zarauzko gaiei dagokionez) eta Ingurumena. Azken atal horrek atez atekoaren “inposaketa”, birziklapena eta ingurugiroari lotutako beste hainbat gaien inguruan eztabaida sustatzeko helburua du. Ildo horretatik, herritarrak eztabaida horietan parte hartzera gonbidatu dituzte.
‘Herriari’ aldizkaria
PSE-EEk “tartean-tartean” Herriari aldizkaria kaleratu ohi du. “Webguneak eta tresna informatikoek ordezkatuko dute argitalpena”, dio Elolak. Hala ere, “puntualki” aterako dute aldizkaria, “gaiaren arabera”: “Internet ez da herritar guztiengana iristen, eta horiei ere helarazi nahi diegu gure iritzia eta informazioa”. Jasangarritasuna oinarri hartuta, “ahalik eta paper gutxien” erabiliko dute, ordea.