Garagardo festa antolatu dute larunbaterako Aizarnazabalgo gaztetxean. Igone Larrañagak azaldu duen bezala, gisa honetako ekimen bat antolatzen duen lehen aldia da. «San Patric’s eguna da larunbata, eta harekin lotura egin nahi genuen, baina azkenean Alemaniako menua jarri dugu. Nahasketa moduko bat egingo dugu».
Afaria emango dute gaztetxean 21:00etan. Sarrerak eskuratu nahi dituenak, oraindik badu aukera, baina gaur da azken eguna. Ukondoa, patata purea eta saltxitxak egongo dira, eta txartelarekin bi garagardo emango dituzte. Txartelak hamabost eurotan dituzte salgai gaztetxean. Afaria 21:00etan den arren, 19:00etarako irekiko dute gaztetxea, garagardoa probatu nahi duenarentzat. Musika irladarrarekin girotuko dute gaztetxea, hango ukitua emateko xedearekin.
Oraindik ere zein garagardo izango diren zehaztu ez duten arren, bost izango dira guztira, eta alkoholik gabeko bat ere egongo da, «gero eta jende gehiagok eskartzen du eta».