«Istorio gehiegi dago emakumeak bigarren mailan ageri direnak»

Aritz Mutiozabal 2012ko martxoaren 14a

Berdintasuna oinarri hartuta, Maite Franko (Irun-Hondarribia, 1971) ipuin kontalariak saio bikoitza eskainiko du gaur, Sanz Enean; 17:30ean, haurrentzat eta 19:00­etan, gazte eta helduentzat. Bi kontaketek  ardatz  bera al dute? Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunen barru­an daude kokatuak biak, eta bietan betiko azpigaiak agertzen di­ra: estereotipoak, rolak, in­jus­tiziak eta abar. Berdintasuna aldarrikatzen badute ere, nire kontatzeko modua ez da hain­beste aldatzen. Publikoaren interes guneekin lotutako istorioak bilatzen ditut. Kontalariak publikoarengana hurbildu behar du, haiek bereganatu nahi baditu. Haurrekin xumeago eta helduekin gordinago, akaso? Ezaguna errazagoa egiten zaigu beti. Zoritxarrez, helduentzako eta gazteentzako kontaketa saioak ez dira horrenbeste programatzen, ez baita horren erraza publikoa erakartzea. Helduek ipuinak umeen munduarekin lotzen dituzte. Askok ez dakite haientzako saioak ere egiten ditugunik. Nire lan egiteko era nahiko tradizionala da; hitz hutsezko kontakizunak egiten ditut gehienbat, alegia. Pantailen garai honetan, umeei ez zaie erakargarria egiten heldu baten aurrean eseri eta hari entzutea. Egiten duzuna interesgarria bihurtzen zaienean, berriz, ahaztu egiten zaie hitz eta pitz ari zarela. Bete-betean sartzen dira istorioan. Helduekin ere gauza bera gerta liteke, baina, alde batetik, adin batetik gorakook ez gara horren pantailazaleak eta, bestetik, gure kasa joaten gara saioetara, ez gaituzte eramaten, umeak bezala. Saioko istorioek gogoetarako bide emango al dute? Jendeak ondo [...]

Franko

Maite Franko

Berdintasuna oinarri hartuta, Maite Franko (Irun-Hondarribia, 1971) ipuin kontalariak saio bikoitza eskainiko du gaur, Sanz Enean; 17:30ean, haurrentzat eta 19:00­etan, gazte eta helduentzat.

Bi kontaketek  ardatz  bera al dute?
Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunen barru­an daude kokatuak biak, eta bietan betiko azpigaiak agertzen di­ra: estereotipoak, rolak, in­jus­tiziak eta abar. Berdintasuna aldarrikatzen badute ere, nire kontatzeko modua ez da hain­beste aldatzen. Publikoaren interes guneekin lotutako istorioak bilatzen ditut. Kontalariak publikoarengana hurbildu behar du, haiek bereganatu nahi baditu.

Haurrekin xumeago eta helduekin gordinago, akaso?
Ezaguna errazagoa egiten zaigu beti. Zoritxarrez, helduentzako eta gazteentzako kontaketa saioak ez dira horrenbeste programatzen, ez baita horren erraza publikoa erakartzea. Helduek ipuinak umeen munduarekin lotzen dituzte. Askok ez dakite haientzako saioak ere egiten ditugunik. Nire lan egiteko era nahiko tradizionala da; hitz hutsezko kontakizunak egiten ditut gehienbat, alegia. Pantailen garai honetan, umeei ez zaie erakargarria egiten heldu baten aurrean eseri eta hari entzutea. Egiten duzuna interesgarria bihurtzen zaienean, berriz, ahaztu egiten zaie hitz eta pitz ari zarela. Bete-betean sartzen dira istorioan. Helduekin ere gauza bera gerta liteke, baina, alde batetik, adin batetik gorakook ez gara horren pantailazaleak eta, bestetik, gure kasa joaten gara saioetara, ez gaituzte eramaten, umeak bezala.

Saioko istorioek gogoetarako bide emango al dute?
Jendeak ondo pasatzea da nire helburua. Kontzientziak astintzea baino, berdintasunaren inguruko ipuinekiko ere interesa piztea da. Bide batez, zer pentsatu ematen badie, hobeto. Hala ere, oso argi dut saio monografikoek ere –balioen inguruko saioek— ere ipuin kontaketa saioak izaten jarraitu behar dutela. Ez dute panfletoak izan behar, eta bestelako kontaketa saioetan dauden osagaiak ere izan behar dituzte.

Nesken aldeko ipuin ez sexistak izanagatik, ez du esan nahi neskentzat bakarrik denik, ezta?
Badirudi emakumearekin zerikusia duen oro «bigarren mailakoa» dela, ikuspegi matxista batetik ikusita. Berdintasunerako bide luze honetan, emakumeak gizonezkoenak ziren ezaugarri asko beretzat hartu behar izan ditu. Alderantzizkorik, ordea, ez da gertatu, edo gertatu bada, oso neurri txi­kian izan da.  Bestalde, oraindik ere istorio ge­hiegi dago emakumeak bigarren mailako pertsonaia gisa ageri direnak. Umeek ere nor­­maltzat hartzen dute emakumezkoen paper pasibo ho­ri, baita neskek ere. Galdetuz gero, nahiago dute neskak protagonistak izatea, ekimentsuak, boteretsuak, azkarrak eta libreak, baina ipuin sexista bat irakur dezakete, salbatuko duen printzearen zain bizitza guztia ematen duen printzesa ederrarekin zeharo identifikatuta, adibidez.

Haurrei zuzendutakoak Filomena Musugorri, errege eta beste batzuk izena du. Nor da Filomena, eta zein da argumentua?
Hiru ipuinek osatzen dute saioa, eta Filomena Musugorrirena da azkenengoa. Erdi Aroan kokatuta, Filomena oso neska pobrea da, herri ipuineko protagonista ge­hienak bezala. Errege berria izateko gainditu beharreko probetara aurkeztuko du bere burua. Ge­hiagorik ezin dut azaldu, bestela akabo sorpresa!

Helduei zuzendutakoa Zergatik ote? da. Zer duzu bertan kontagai?
Hainbat istorio azaldu dizkigute munduaren eta gizakiaren sorreraz. Baina emakumeoi interesatzen zaigunaz mintzo direnak ezkutuan izan dira urteetan, klandestinitatean. Saio honetan, ez­­kutalekutik atera eta ezagutu egingo ditugu. Istorio batzuek kresal za­­porea dute, barre malkoek eta sexu irrikak bezala. Beste batzuei, berriz, gozoki usaina darie, neskatilen eskuetatik pasatu direlako. Eta, azkenik, badira oilo ipurdia jartzen dutenak ere.

Istorioak zuk idatzitakoak al dira?
Neurri handi batean, bai. Kontalariok istorio bat kontatu ahal izateko, gure bihurtu behar dugu aurrena. Egokitzapen prozesu horretan sormen lana dago, eta zenbaitetan jatorrizkoa goitik behera aldatzen da. Nire kasuan, ipuinak sortzen ditudanean, ge­hienetan enkargu bat dago tartean, edo gabezia bat. Behar dudana aurkitu ez, eta azkarrago eta errazago suertatzen zait sortzea.

Kontatzaile eta sortzaile, eta antzezle ere izan beharra al dago?
Lagungarria da, jakina. Istorioa zure bihurtu ondoren, besteei helarazi behar diezu. Horretarako begien aurrean une horretantxe gertatuko balitz bezala kontatu behar duzu, eta egia balitz bezala. Bestalde, erakargarri bihurtzen du pertsonaiei gorputza, ahotsa eta nortasuna jartzeak. Hau guztia egin ahal izateko agian ez da antzerkigintza ikasi behar, batzuk berezkoa dutelako, baina niri behintzat asko lagundu dit.

Zu, askotan etortzen zara Sanz Eneara haurrei ipuinak kontatzera. Zer moduzko plaza da?
Gustura etortzen naiz Zarautzera. Sanz Eneara baino askoz ere maizago ikastetxeetara; izan ere, Udaleko Berdintasun Sailak babestutako proiektu bat daramat joan den ikasturtetik, ipuinak aitzakiatzat hartuta, berdintasuna lantzeko LH1 eta LH2ko ikasleen artean. Zarauzko umeak ipuinzaleak dira, parte-hartzaile onak… Oso erraza da haiekin lan egitea. Agian liburutegiak ipuin kontaketen alde egindako apustua eta lan eskergaren emaitza izango da.

Dena dela, ipuinak ez al dira edozein adinetan gozatu behar?
Ipuinak fikzioa diren neurrian, egunerokotasunetik urrundu eta  unibertso berriak ezagutzeko balio dute. Hori liburu, antzezlan edo filma batek lor dezake, baina ahozko narrazioek badute beste zerbait horiek guztiek ez dutena; batetik, hurbiltasuna  eta, bestetik, arbasoekiko lotura. Pentsa istorio horrek zenbat bidaiatu duen batetik bestera, ahoz aho eta belarriz belarri. Istorio zahar bat kontatzen dudanean, «bazen behin» esanez, urrunetik datorren ahots batek belarrira xuxurlatzen dizkidan sekretuak zabaldu behar ditudala iruditzen zait. Eta sekretuak denoi gustatzen zaizkigu, ume, zahar eta gazteei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide