Aiako eta Orioko trenbide saihesbideko lan osagarriak uztailean amaituko dituzte

Ane Olaizola 2012ko martxoaren 14a

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, uztailean amaituko dituzte Aia eta Orioko trenbide saihesbideko proiektuaren lan osagarriak. 650 metroko azpiegitura egingo dute N-634 errepidean. Errepideak ondoan bi metroko zabalera duen bidegorria izango du. Bide horrek, gainera, espaloia ere izango duela gaineratu du Eusko Jaurlaritzak. Horrez gain, Oria ibaiaren gainean zubia ere eraikiko dute. Lan guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo ditu, eta Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, azpiegitura horiekin Orioko Arraun Taldearen egoitzarako bidea kontserbatu egingo dute. Lan horiek aurrera eramateko Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ETS erakunde publikoak hitzarmena sinatu zuten, 2007. urtean. Orduan adostu zuten GI-3710 foru errepidea zeharkatzen duen trenbide pasagunea kentzea, besteak beste. Geltokiko biribilgunea Aiako eta Orioko tren geltoki berria 2010eko urrian inauguratu zuen Eusko Jaurlaritzak. Erakundeak adierazi duenez, ordutik Aiako Santio Erreka auzorako zubia zabaltzeko lanak egin dituzte, eta eta tren geltokian zegoen nasa bota dute. Bestetik, saihesbide berriaren lurra mugitu, eta zoru berria egin dute azken bi urteetan. Duela hilabete batzuetatik, berriz, N-634 errepidean biribilgunea ari dira egiten langileak. Momentuz, biribilgunearen erdia soilik erabili dezakete ibilgailuek, ondorioz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide