2011n elkarrekin hasitako bideari jarriki, herri ekimenez sortutako euskarazko 50 hedabidek agerraldi bateratua egin zuten atzo Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean. Sektorearen diagnosia eta erronka komunak identifikatzen dituen dokumentua sinatu eta aurkezteko.
Negozio eredua aldatu eta lan baldintzak hobetu beharra, salmentan eta merkatu mekanismoen ezagutzan sakontzearen ezinbestekotasuna, garai zailei aurre egiteko elkarlanaren garrantzia dira zehaztu dituzten bost erronketatik hiru. Laugarrena hausnarketa eta ikerketarekin jarraitu beharra da.«Etengabeko berrikuntzaren aroan, ikerketa eta hausnarketa ere ezin dira ahaztu: hedabideak zer diren, zer helburu bete behar duten, nolakoak diren eta izan behar duten». Eta hori dena garatzeko hedabideen behatokia sortzea proposatu dute.
Bosgarren erronkak administrazioari egiten dio erreferentzia. Diru-laguntzetan oinarritutako politika aldatu beharra nabarmendu dute. «Deialdien sistematik hitzarmen ereduetara jotzea ezinbesteko ikusten da. Beharrezkoa da erakundeek laguntza politika egokitzea eta sektorearen inbertsioak eta garapena sustatzea».