Hasi da Amaia Azkueren ustezko hiltzailearen kontrako epaiketaren bigarren eguneko lehen saioa

Urola Kostako Hitza 2012ko martxoaren 13a

Hastear da Amaia Azkueren hilketaren inguruko epaiketaren bigarren eguneko lehen saioa, Donostiako Adingabeen Auzitegian. Biktimaren familia eta haren abokatua, Miguel Castells dagoeneko sartu dira justizia jauregira. "Dakigunez, zaharrak eta kazetariak goizean goiz jaikitzen gara", esanez, keinua egin die zain zituen hedabideetako langileei. Atzo baino gutxiago dira gaur. "Zoritxarrez, ezin dut adierazpenik egin", esan du gaur ere, nahiz eta atzo jakin zen akusatuak bere burua errugabetzat jo zuela. Akusatuaren anaia eta haren abokatua, Ioanes Labaien, ere barruan dira jada. Geroxeago eraman dute akusatua, ertzain autoan. Guztiak heldu direnerako bertan ziren, atzo bezala, protestan, bost lagun. Justizia Amaiarentzako dioen kartela dute eskuan. Gaur Azkueren senarrak, senideak eta gorpua topatu zutenek deklaratuko dute, gaur ere ateak itxita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide