Iazko abenduan abiatu zuten Azpeitian Denon Artean prozesua, herritarrek parte hartzera bideratutakoa. Eta ekimena bukatzeko garaia heldu dela esan du Azpeitiko Udalak. Hala, prozesua baloratzeko eta herritarren ekarpenei erantzuteko, prozesuko azken bilera egingo dute bihar, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Deialdia irekia da, eta ahal duten herritar eta eragile guztiak bertan parte hartzera gonbidatu ditu Eneko Etxeberria alkateak.
Biharko bilerak hiru zati izango dituela aurreratu du Etxeberriak. Batetik, udal parte hartze ordenantzaren zirriborroa aurkeztuko dute. «Denon Artean prozesuko lehen bileran azaldu genuen herritarren parte hartzeko araudia egiteko asmoa genuela. Orain horren zirriborroa aurkeztuko dugu jendaurrean; gainontzeko alderdiei dagoeneko aurkeztu diegu».
Bestetik, bihar, aurtengo udal aurrekontuen proposamenaren zirriborroa edota zenbakiak plazaratuko dituzte udal arduradunek. «Aurten Foru Funtsari dagozkion diru kontuak bereziak dira, eta hoiek denak kontutan eduki gabe aurrekontuak tajutzea ezinezkoa zen. Beraz, berandutzea arrazoitutakoa da», esan du alkateak. Dagoeneko udalean zenbateko sarrerak izan ditzaketen badakite. «Beraz, orain da aurrekontuak osatzeko momentua; herritarrek egindako ekarpenei erantzuteko eta gure asmoen berri emateko une egokia da», esan dute.
Hirugarrenik, Azpeitiko Udalak aurten inbertsio ataleko dirua zertan gastatuko duen azalduko dute arduradunek biharko batzarrean. «Herritarren eskaerei nola erantzungo diegun azalduko dugu», gaineratu du alkateak.
Herritarren jarrera positiboa
Pasa den abenduaren erdialdean Denon Artean prozesu parte-hartzailea abiatu zutenetik, aurreikusi baino batzar gehiago egin dituzte udaleko arduradunek. Orduan 21 batzar egiteko asmoa erakutsi zuten, eta azkenean 27 egin dituzte. Herriko auzoetako bizilagunekin zortzi batzar egin dituzte, herritik kanpoko auzoetako herritarrekin, berriz, zazpi, eta arloetako edota sektoreetako ordezkariekin hamabi. Horrez gain, Urola ibaia garbitzeko auzolana ere antolatu eta egin zuten; 70 herritarrek hartu zuten parte. Guztira 733 herritarrek hartu dute parte prozesuan. Ondorioz, udal ordezkariak oso gustura daude; hala esan du Etxeberria alkateak. «Egiten dugun balorazioa oso-oso positiboa da, eta parte hartu duten herritar denei eskerrak eman nahi dizkiegu».
Herritarren jarrera «eraikitzailea» ere nabarmendu du Etxeberriak. «Herritarren parte hartzea zabala izan da, eta proposamen asko egin dizkigute. Proposamen gehienak, gainera, interes orokorrekoak izan dira, herriaren mesederako direnak». 400 proposamen inguru bildu dituzte. Era horretan herriko kontuak «hobeto tajutzeko» aukera dagoela uste du alkateak.
Denon Artean prozesuak helburuak bete dituelakoan dira udal ordezkariak. «Helburua herriko kontuen inguruan gardentasunez jardutea zen, eta bileretan herriko kontuez hitz egin dugu». Horrez gain, prozesua urtero egiteko asmoa dute. «Era horretan, herritarrek esperientzia honetan parte hartzen segitzeko eta udaleko eta herriko kontuak jarraitzeko aukera izango dute». Alkatearen ustez, herritarren iritziak jasota, herriko kontuez «hobeto» ardura daitezke.