Amaia Amaia Azkueren hilketaren inguruko epaiketa hasi da gaur, eta amaitu da goizeko saioa. 16:30ean jarraituko du epaiketak, eta bi ertzainek deklaratuko dute orduan. Goizeko saioaren ondoren akusatuaren abokatuak, Ioanes Labaienek, ez du adierazpenik egin, baina bai Azkueren familiarenak. “Zoritxarrez, ezin dugu epaiketan esandakoak jakinarazi”, esan du Miguel Castellsek. Epaiketa ateak irekita egiteko eskatu zuen berak, “kasuak sortutako interesagatik eta herritarren artean dagoen kezkagatik”. Epaileak ateak itxita egitea erabaki duenez, “erabakia errespetatu” eta daturik eta informaziorik ez duela emango gaineratu du.

Goizeko saioa “normaltasun osoz” egin dutela baino ez du azaldu, eta akusatuak deklaratu duela baieztatu du. Azkenik, Amaia Azkueren familiak oraindik “sufrimendua eta mina” sentitzen dituela gogorarazi du.
Arratsaldeko saioa 16:30etan hasiko da. Kasua ikertu duten bi ertzainek deklaratuko dute. Bihar biktimaren senarra igaroko da epaitegitik, beste lekuko batzuen artean.
Hilketa, lapurreta intimidazioarekin, motordun ibilgailu bat ostea, bidezko segurtasunaren aurkako delitua, eta gorpua profanatzea dira akusatuari leporatzen dizkioten delituak. Hamar urteko kartzela zigorra eskatzen du akusazioak gaztearentzat; zigorra bi zatitan betetzea, hain zuzen ere: bost urte espetxean, eta bost zaintzapeko askatasunean. Adingabe batentzat eska daitekeen zigor handiena da. Era berean, zigorra helduentzako kartzela batean bete dezala galdegin du, eta ez adin txikikoentzako zentru batean.


1. Irudian: Amaia Azkueren senideak epaitegira heltzen.
2. Irudian: Amaia Azkueren senideak epaitegira iristen.
3. Irudian: akusatua ertzain autoan epaitegira heltzen.
4. Irudian: Manuel Castells, Amaia Azkueren familiaren abokatua, auzitegira iristen.
5. Irudian: Ioanes Labaien defentsa abokatua.
6. Irudian: Amaia Azkueren familiakoak eta lagunak, epaitegitik atera berritan.

