Hasi da Amaia Azkueren hilketaren inguruko epaiketa

Uztarria Azpeitiko Ataiye 2012ko martxoaren 12a

Atzerapen pixkatekin hasi da Amaia Azkue oriotarraren hilketaren inguruko epaiketa, Donostiako Adingabeen Auzitegian. Senideak 08:55ean heldu dira epaitegira. Baita auzipetutako gaztea ere, baina aparkalekutik zuzenean igo da deklaratuko duen aretora, auzitegiaren ate nagusitik igaro gabe. Defentsa abokatu Ioanes Labayenek ez du deklaraziorik egin nahi izan epaitegira heltzean. Familiaren abokatuak, berriz, Miguel Castellsek, zera adierazi du: "Amaia Azkueren familiaren samina errespetatzea baino ez dut eskatzen, hilketaren urteurrenean". Azkueren 17 senide epaitegiko korridorean daude zain, baita akusatuaren anaia ere. Areto barruan epaileaz eta abokatuez gain, akusatua eta haren anaia daude. Ikusmina izugarria da. Kazetariak eta kamerak daude atean, baita kartelak eskuan protestan diren hainbat lagun ere. Justizia Amaiarentzat, diote, besteak beste, kartelek. Defentsaren eta akusazioaren txanden ostean, auzipetutako gazteak deklaratuko du. Goiz eta arratsaldez izango dira saioak. Goizekoa 14:00etan amaituko dute, eta arratsaldeko 17:00etan helduko diote berriz saioari, 21:00ak arte. Itxura guztien arabera, aste osoa iraungo du prozesuak. Eta epaileak beharrezkotzat joz gero, datorren astelehenean jarrai lezake. Atea itxita egingo dute epaiketa. Astean zehar 50 lekuko igaroko dira epailearen aurretik, eta 30 peritu inguru. Gaur arratsaldean kasua ikertu duten bi ertzainak dira deklaratzekoak, eta bihar, berriz, oriotarraren gorpua Azpeitiko Nuarbe auzoko Ibai Eder urtegian topatu zutenak, senideak eta lagunak. Kasua salatzeko, Urola Kostako Koordinadora feministak elkarretaratzera deitu du, epaitegiaren aurrean, 11:00etan. Iazko abuztuaren 17an Azkue berak hil zuela aitortu zuen auzipetutako gazteak, hemezortzi urte bete bezperan, Gipuzkoako Fiskaltzara jota. Duela hilabete batzuk, ordea, bertan behera utzi zuen aitorpena, eta beste pertsona batek hil zuela jakinarazi zuen. Baina ez zuen haren nortasuna argitu; ez zuela ezagutzen adierazi zuen. Gaztearen deklarazioaren arabera, autoestop egiten ari zela jaso zuten autoan Azkuek eta beste pertsona horrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide