Aralar-Ezker Anitzak hondakinen inguruan Udalak herritarren parte hartze prozesua abiatu dezan eskatzeko mozioa aurkeztuko du: “Herritarrek benetako informazio gardena eta osoa izan dezaten zaborren bilketa eta tratamenduaren inguruan, baita errausketaren arriskuen inguruan ere. Udalak herritarren iritzia ezagutu eta berau betetzeko konpromisoa hartzea da helburua”. Ildo horretatik, mozioa onartu dezaten, Udalbatza osatzen duten alderdi guztien babesa lortzen saiatuko da koalizioa. Hori dela eta, herritarrei “lasai egoteko” eskatu die, “beren hitza kontuan hartuko dutela eta herritarren artean erabakiko dela zein den herrirako birziklate sistema egokiena”.
Jakinarazi duenez, orain arte bezala, errausketaren aurkako jarrera izango du Aralar-Ezker Anitzak: “Hori da eztabaida garrantzitsuenetariko bat: errauskailua bai ala ez. Ez dugu ahaztu behar errausketaren aldekoek atez ateko sistema demonizatu egin dutela, herritarrei errausketaren arriskuak ezkutatuz”. Horrekin batera, birziklatzeak derrigorrezkoa izan behar duen ala ez eztabaidatu egin behar dela nabarmendu dute koalizioako ordezkariek: “Birziklatze mailak handitzea ezinbestekoa da gure ustez”.
Zinismoa eta hipokresia
Bestalde, EAJ, PP eta PSE-EEren “zinismo eta hipokresia politikoa” salatu du. Aipatu udal taldeek pasa den plenoan EAJak atez atekoaren inguruan herri kontsulta eskatuz aurkeztutako mozioa babestu zutela gogoratu du: “Gutxienez, bitxia da. Izan ere, 1/2010 foru arauetako 17.3 artikuluan jaso zenez, EAJk, PSE-EEk eta PPk herri erreferendumak egitea debekatu zuten”. Hiru alderdiok beste hainbat auziren inguruan herri kontsultak egitea errefusatu izan dutela nabarmendu du Aralar-Ezker Anitzak, Pasaiako Portuaren, AHTaren, bidesarien eta errauskailuaren inguruan, kasu.
Bilduren jarrera ere salatu du, “aldebakarrez iragarri duelako non eta noiz ezarriko den atez ateko sistema, aurretik inorekin hitz egin gabe eta modu traketsean, eta EAJ, PP eta PSE-EEren eztabaidan parte hartuz, gainera”.