San Jose Trikitixa Jaialdian “Urolako katea” osatu nahi dute

Nerea Uranga 2012ko martxoaren 9a

Aurtengo San Jose Trikiti Jaialdia “Urolako katea osatzen” saiatuko da, hala azaldu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariordea den Josu Arrizabalaga Izer-ek. Juan Ezenarro Salegi Berastegi, Luis Alberdi Zubizarreta Zabale eta Manuel Arrizabalaga Izeromenduko dituzte jaialdian, eta han parte hartuko duten ia denak ere Urola aldekoak izango dira. Martxoaren 17an da jaialdia, 17:30ean, Azpeitiko Soreasu antzokian. Formatoa ez ezik tokia ere estreinatuko du sanjosetako trikitixaren jaiak; azken urteetan Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan antolatu izan dute, eta aurretik, urteetan, Azpeitiko Udal Kiroldegian. “Oraingo honetan Soreasu bihurtuko da trikitizaleen bilgune eta urtero bezala han giro bikaina izatea espero dugu”, esan du aurkezpenean Imanol Amenabar Azpeitiko Kultura zinegotziak. Omenduko dituzten hirurak pandero-jotzaileak dira, eta hirurak Urolakoak. “Aurreko jaialdi batzutan ere omendu ditugu trikitilariak, eta aurten ere horri heldu diogu”, esan dute jaialdiaren aurkezpenean. Omenduek jaialdian parte hartu eta parte-hartzaileen katea osatzen lagun izango dira, “hiru omenduak gora igo eta haiek jaialdiko parte izatea da gure asmoa; hirurak sasoiko baitaude”. Juan Ezenarro Salegi Berastegi da omenduetako bat. 70 urte ditu, erromerietara joaten aitarekin hasi zen eta bere gurasoen urrezko ezteietan, 12 urte zituela, Marixa Txikia-rekin batera astindu zuen aurreneko aldiz panderoa, harrezgero han eta hemen dabil panderoa eta bateria jotzen. Soldaduska garaian ere gertu izan omen zituen instrumentuak. “Joan deneko hiru urte hauetan omenaldia egin behar zidatela esaten zidaten, baina nik ezetz esaten nien beti. Lajak-eta esaten zidaten, moteil horregatik ez haiz akatuko eta egon hadi lasai, eta aurten behintzat ailegatu da omenaldia”, esan du Berastegik. Omenduko duten bestea, Luis Alberdi Zubizarreta Zabale da. 14-15 urte zituela hasi zen panderoa astintzen, auzokide zuen Ramon Zubizarreta Landakanda-k ahoarekin txistua jotzen zuen bitartean. Izer baserrian igandero erromeria izaten zen eta haruntz ere joaten zen. Lehen erromeriak Maltzetarekin egin zituen, eta gero Eugenio Zabaletarekin ere bai. Txapelketaren batean ere parte hartutakoa da, eta orain hamar urte trikitixa irakasle izateari utzi zion. Omenaldia oso gustura hartu duela esan du Zabalek ere. Garai batean Izer baserrian igandero izaten zen erromeria eta hangoxea da Manuel Arrizabalaga Izer, hirugarren omendua. 61 urte ditu. Jaiotetxeko erromerietako trikitilarietako bat haren aita izaten zen eta panderoa jotzen aitaren anaiek jarduten zuten. Izer 8 urterekin hasi zen panderoa jotzen eta 18 urterekin jo zuen bere lehen erromeria. “Ni txikia nintzela, Zabalek jarduten zuen gure jaiotetxean panderoa jotzen eta hari ikusita ikasi nuen nik”, esan du Izerrek. Gerora soinua ere hartu zuen azkoitiarrak, “panderoa nahikoa ez eta gerora soinua hartu nuen. Urte batzuk ere pasatu ditut soinuarekin. Biak izan ditut gustukoak”. Omenaldia “sorpresa” izan dela dio Izerrek, “gauza handia da, baina ezezkorik ezin eman”. Aurtengo jaialdiak “formatu berria” izango duela esan dute Euskal Herriko Trikitixa Elkartekoek. “Jaialdi hau berezia izango da, bai partaide aldetik eta baita antolatzen dugunontzako ere. Orainarte beti antzeko formatua erabili dugu jaialdian, baina aurten desberdina da: partaideak ekartzeko orduan ez gara fijatu hasiberrietan edota aspaldikoetan. Oraingo honetan, Urola mailan sarri ibiltzen garenok elkartu eta jaialdi bat osatzea erabaki dugu”, esan du Josu Arrizabalaga Izerrek. Aurtengo parte-hartzaileak izango dira: Astiazaran II.a eta Izer, Laja II.a eta Narbaiza, Epelde eta Iturbide, Laja eta Landakanda, Zabale anaiak, Lutxurdio eta Aitziber, Izer eta Alabier eta Elortza anaiak. “Bestetan baino partaide gehiago daude eta denon artean kate bat osatu nahi dugu, eta jaialdiko gauzarik politena hori izan daiteke: elkarrekin sortu nahi dugun katea”, azaldu dute. Sarrera 12 euro kostatuko da. Dagoeneko sarrerak salgai jarri dituzte Azpeitian, Pastorkuan, Ametsan eta Mendizabal jatetxean eta Azkoitian Isidro erretegian. Jaialdiaren egunean, sarrerak saltzeko 16:30ean zabalduko dute Soreasu antzokiko leihatila. San Jose Trikitixa Jaialdia Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatzen dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide