Getarian kontsumo taldea sortu dute, eta oraingoz 20 parte-hartzaile ditu

Ane Olaizola 2012ko martxoaren 9a

Getarian kontsumo taldea sortzeko aurkezpena egin zuen herenegun iluntzean BasHerri taldeak. 20 bat getariar elkartu ziren, eta hurrengo astetik aurrera hasiko dira «sasoian sasoikoa eta tokiko» barazkiak jasotzeko eta ekoizteko martxan. Getariako kontsumo taldean parte hartuko duten herritarrek astean behin jasoko dituzte produktuak. Miren Garaztazu baserritarrak ekoitziko ditu produktuak, Aizarnazabalen dituen baratzetan. Kontsumo taldeko kideek «jarrera aktiboa» izango dute ardatz; hori hala izanik, Garaztazuk saskia barazki jakin batzuekin osatzea proposatuko du, baina gainontzekoek ere planifikazioan parte hartzeko aukera izango dutela adierazi du Mirene Begiristainek, Uztaro kooperatibako kideak. Halaber, guztien artean zehaztuko dituzte otarren prezioak, eta horiek eskuratzeko topaguneak eta orduak. Beraz, alde bakoitzak «konpromiso» jakinak izango dituela berretsi zuten herenegun; baserritarrak, «berak ekoiztutako produktuak, tokikoak eta garaikoak» eskainiko ditu; kontsumitzaileek, berriz, saskiak jasotzeko konpromisoa hartuko dute. «Kontsumo taldea ez da denda», diote arduradunek. «Kontsumo taldean ez dago soberakinik. Horregatik, otarre itxia izango da». Taldeko parte-hartzaileek kuota bidez ordainduko dute zerbitzua. Arduradunek adierazi dutenez, hasiera batean bi hilabetez froga egingo dute. Ondoren, urtebeteko konpromisoa hartuko dute taldean jarraitzeko, eta baja ematea erabakitzen badute, taldeak ordezko bat bilatu beharko du, Garaztazuk bere ekoizpena antola dezan. Aldian behin, gainera, talde osoa elkartu egingo da, baratzearen egoeraz eta bestelako kontuen inguruan hitz egiteko. Antolatzaileek [...]

Getariako kontsumo taldea

Getariako kontsumo taldeko aurkezpena, herenegun (Argazkia: Ane Olaizola)

Getarian kontsumo taldea sortzeko aurkezpena egin zuen herenegun iluntzean BasHerri taldeak. 20 bat getariar elkartu ziren, eta hurrengo astetik aurrera hasiko dira «sasoian sasoikoa eta tokiko» barazkiak jasotzeko eta ekoizteko martxan.

Getariako kontsumo taldean parte hartuko duten herritarrek astean behin jasoko dituzte produktuak. Miren Garaztazu baserritarrak ekoitziko ditu produktuak, Aizarnazabalen dituen baratzetan. Kontsumo taldeko kideek «jarrera aktiboa» izango dute ardatz; hori hala izanik, Garaztazuk saskia barazki jakin batzuekin osatzea proposatuko du, baina gainontzekoek ere planifikazioan parte hartzeko aukera izango dutela adierazi du Mirene Begiristainek, Uztaro kooperatibako kideak. Halaber, guztien artean zehaztuko dituzte otarren prezioak, eta horiek eskuratzeko topaguneak eta orduak. Beraz, alde bakoitzak «konpromiso» jakinak izango dituela berretsi zuten herenegun; baserritarrak, «berak ekoiztutako produktuak, tokikoak eta garaikoak» eskainiko ditu; kontsumitzaileek, berriz, saskiak jasotzeko konpromisoa hartuko dute.

«Kontsumo taldea ez da denda», diote arduradunek. «Kontsumo taldean ez dago soberakinik. Horregatik, otarre itxia izango da». Taldeko parte-hartzaileek kuota bidez ordainduko dute zerbitzua. Arduradunek adierazi dutenez, hasiera batean bi hilabetez froga egingo dute. Ondoren, urtebeteko konpromisoa hartuko dute taldean jarraitzeko, eta baja ematea erabakitzen badute, taldeak ordezko bat bilatu beharko du, Garaztazuk bere ekoizpena antola dezan. Aldian behin,
gainera, talde osoa elkartu egingo da, baratzearen egoeraz eta bestelako kontuen inguruan hitz egiteko. Antolatzaileek gaineratu dutenez, taldea martxan hasi bezain pronto baserritarraren baratzea bisitatuko dute: «Landa eremutik urrundu gara, eta uzten zikloak ahaztu ditugu. Ezagutzak eta ohiturak berreskuratzeko modu polita izan daiteke hori», adierazi du Begiristainek.
Hurrengo ostegunean helduko diete eginbehar horiei guztiei. Herenegun egin zuten bezala, Alondegian elkartuko dira, 18:30ean, eta taldean parte hartzeko interesa duenak bertara agertzea besterik ez du.

Agroekologia ardatz
Antolatzaileek elikadura subirotasuna aldarrikatu nahi dute kontsumo taldearen bidez. «Herriak eta komunitateak izan behar du eskubidea zer eta nola elikatu nahi duen erabakitzeko», adierazi du Pedro Alberdik, EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna sindikatuko kideak. «Merkaturatzen denaren %80 baino gehiago munduko bost multinazionalen esku dago». Alberdik adierazi du egungo ereduaren ondorioz, kontsumitzaileek ez dutela ekoizpen eta kontsumorako askatasunik. Hori hala, ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko «aliantza» sortu nahi dute, kontsumo taldearen bidez. Hala, «eredu agroekologikoa» izango dute aintzat taldea aurrera eramateko, eta baserritarrak adierazi du produktuak elementu kimikorik gabe eta «modu naturalean» ekoitziko dituela. Begiristainek, bere aldetik, adierazi du eredu honek «iraunkortasuna» bermatzen duela, eta baserritarrak «bidezko bizimodua» izatea ahalbidetzen duela.

Horrez gain, «erabakitzeko eskubidea» aldarrikatu nahi dute. Egun baserriaren egoera «oso kaxkarra» da: «Baserritik bizi direnak oso gutxi dira, eta baserritarrak falta dira». Ondasun naturalak «negozio» bilakatu direla jakinarazi du. «Eta, beraz, baserritarrari arazoak sortarazten dio egoera honek». Merkaturatzeari dagokionez, berriz, «multinazionalek erabakitzen dute zer ekoitzi; beraz, horiek erabakitzen dute zer kontsumitu behar dugun». Egun eredu esportatzailea lehenesten dela gaineratu du Alberdik. Era horrek kontsumitzaile eta ekoizleen «menpekotasuna» areagotzen du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide