Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urteroko ekitaldiez gainera, aurten Loiolako sanjosetarako
I. San Jose Mus Txapelketa antolatu dute Loiolatxo Elkarteko Festa Batzordekoek. Gaur zortzi jokatuko da mus txapelketa, 22:00etan hasita, Xanadu kafetegian.
Mus txapelketan parte hartzeko 20 euro ordaindu behar da bikoteko, eta hasi aurretik eman behar da izena. Lehen bikoteak 350 euro jasoko ditu sari gisa; bigarrenak 150 euro, eta bi txuleta; eta, hirugarrenak Kiruri jatetxean
bi lagunentzako afaria. Musarekin hasiko dituzte Loiolan aurtengo festak, martxoaren 16an.
Hurrengo egunean, martxoaren 17an, berriz, XI. San Jose Sari Nagusia mendi biathloia jokatuko da Loiolan, 16:30ean hasita. Bertan parte hartzeko 10 euro ordaindu beharko da, eta izena egunean bertan eman behar da, irteeraren tokian, 15:30ean. Parte-hartzaileek 10 kilometro bizikletaz eta 4 kilometro korrika egin beharko dute. Bizikletaz, Loiola inguruko 5 kilometroko ibilbideari bi itzuli ematen dizkiete, eta lasterka kilometro bateko zirkuituari lau itzuli. Proba bukatutakoan,kirolari guztiei askaria eskaini, eta oroigarriak banatuko dizkiete Loiolatxo elkartean. Han bertan bizikletak garbitzeko gunea ere antolatzen dute festa batzordekoek.
Asto lasterketa
Baina Loiolako festetako egun handia martxoaren 18a izango da. 11:30ean haurrentzako zezen txikiak eta pottokiak egongo dira Loiolan, eta 13:00etan asto lasterketa hasiko da. Astoen ikuskizuna ohitura da Loiolan, eta jendetza biltzen du santutegiaren aurrean.
Igande arratsaldean herri kirol ikuskizun baten txanda izango dute. Harria jasotzen Juan Jose Unanue Goenatxo II.-a eta Aimar Irigoien ariko dira Loiolan. 225 kiloko errektangularra, 175 kiloko errektangularra, 150 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola izango dituzte lanerako harriak.
Aizkoran, binakako txapeldun berriak jardungo dute Loiolako festetan: Unai Otañok (Ibarra) eta Joseba Otaegik (Zizurkil). Kana erdiko hamar enbor izango dituzte lanean jarduteko. Egun osoz, Egurrola aita-semeak girotuko dute festa.
Aurreko asteburuan egindako lanei amaiera egokia emateko asmoarekin, hurrengo astebururako, martxoaren 24rako, alegia, loiolatarrek auzo afaria antolatuko dute. 21:00etan hasiko dira afaltzen auzotarrak, eta erromeria Elustondo anai-arreben kontura izango dute.