Harribil dantza taldeak ataria sortu du, jarduna ezagutarazteko asmoz

Ane Olaizola 2012ko martxoaren 9a

Orioko Harribil dantza taldeak informazioa zabaltzeko beste bide batzuk erabiliko ditu aurrerantzean. Izan ere, webgunea sortu du, egitekoak diren ekimenen berri emateko. Apirilean emanaldi berezi bat ematekotan da dantza taldea, eta saio horri begira sortu dute erreminta; harribil.jimdo.com ataria. «Apirilerako saio bat ari gara prestatzen, eta ikuskizuna sustatzeko pentsatu genuen webgunea sortzea», adierazi dute dantzariek. Taldeko kideek euren jarduna ezagutarazi nahi dute. Ezkontzetarako eta bestelako ekitaldietarako ere prestatzen dituzte emanaldiak. Beraz, halako ekimenetarako ere «bide egokia» dela deritzote. Webguneak oraindik denbora gutxi du, baina, dagoeneko hainbat atal osatu dute atarian. Besteak beste, orain arte egin dituzten ikuskizunen eta aurrera begira dituzten saioen berri eman du taldeak. Taldeko partaideen izenak  eta haien kontaktuak ere agertzen dira bertan. Harribileko dantzariek adierazi dute «pixkanaka» hasiko direla webgunea elikatzen, eta aurrerantzean sortzen zaizkien ikuskizun eta berriak tresna horren bitartez helaraziko dituztela gaineratu dute. Aukerak zabaltzeko tresna Harribilek Argi-ilunak ikuskizuna aurkeztuko du apirilaren 21ean, Orioko Karela kiroldegian. «Urtean zehar ikuskizun finkoak izaten ditugu, baina duela lau urte egin genuen bezala, saio berezi bat ari gara prestatzen oraingoan. Gai bat aukeratzen dugu, eta kantuekin koreografiak asmatzen ditugu. Halako saioek beste modu batera motibatzen gaituzte dantzariok», adierazi du Josu Altxerrik, Harribileko dantzariak. Oraingo honetan, koloreak hartu ditu gaitzat taldeak: «Zuria eta beltzaren artean bestelako koloreak ere badaudela adierazi nahi dugu ikuskizunaren bidez». Dantzariak jakinarazi du koreografia horietan dantza modernoa eta tradizionala uztartuko dituztela. Orion estreinatuko dute saioa, baina udan hainbat herritara zabaldu nahi dute, duela lau urte egin zuten bezala. «Webgunea horretarako tresna izan dadin nahi dugu». Dantza taldeak, bestetik, zozketa baterako txartelak salduko ditu, euro batean, eta hiru sari banatuko dituzte. Lehenengo saridunak Galerna jatetxean bi pertsonentzako afaria, eta Txanka Erreka Hotelean gaua igarotzea eta gosaria irabaziko ditu; bigarren saridunak, berriz, Sarasua erretegian bi lagunentzat afaria jasoko du, eta hirugarrenak Kutixi kafetegian bi lagunentzako gosaria izango du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide