Zarauzko Udaleko alderdi guztien agiria, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta

Zarauzko Hitza 2012ko martxoaren 8a

Martxoaren 8an, Emakumeon Nazioarteko Eguna dugun honetan, Zarauzko Udalak gizon eta emakumeen arteko parekidetasun erreala lortzeko lanean aritzeko duen konpromisoa berretsi nahi du. Egun emakumeok jasaten dugun zapalkuntza estrukturala da, ezarria zaigun jendarte egituraren emaitza baita azken batean. Horrela, zapalkuntzaren oinarria egungo antolaketa ekonomiko, politiko eta ideologikoan dago, eta hauek eraldatzea ezinbestekoa da parekidetasun erreal bat egikaritzeko. Eraldaketa horretarako guztiok dugu zer egina, eta zer esanik ez gurea bezala herritarrengandik hurbil dagoen erakunde batek. Helburu horri jarraituz, Zarauzko Udalak arazoa errotik heldu eta eraldatzeko dagokion politika feminista garatzen jarraituko du.  Mugimendu feministak lan izugarria egin du gure herrian eta egun geroz eta hedatuago dagoen kontzientzia feminista beraiek eginiko lanaren ondorio da hein handi batean. Beraz, dugun aukera hau baliatu nahi dugu herrian urte luzetan lanean aritu diren emakume feminista horiek zoriondu eta herriaren alde eginiko lan onagatik gure esker ona azaltzeko. Orain, azken urtetan bezala, elkarlanean jarraitu behar dugu, eraldaketa erreal bat lortzeko bidea hori dela sinesten baitugu.  Udaletik garatuko den politika feministaren oinarri emakumeon eskubideak izango dira, egunero zapalduak zaizkigun eskubide horiek, hain zuzen ere. Maiz entzun izan dugu egun jendarte parekide batean bizi garena, baina, gero, egunerokoan egiaztatzen dugu hori horrela ez dena. Esan bezala, Zarauzko Udaletik emakumeok [...]

Martxoaren 8an, Emakumeon Nazioarteko Eguna dugun honetan, Zarauzko Udalak gizon eta emakumeen arteko parekidetasun erreala lortzeko lanean aritzeko duen konpromisoa berretsi nahi du.

Egun emakumeok jasaten dugun zapalkuntza estrukturala da, ezarria zaigun jendarte egituraren emaitza baita azken batean. Horrela, zapalkuntzaren oinarria egungo antolaketa ekonomiko, politiko eta ideologikoan dago, eta hauek eraldatzea ezinbestekoa da parekidetasun erreal bat egikaritzeko.

Eraldaketa horretarako guztiok dugu zer egina, eta zer esanik ez gurea bezala herritarrengandik hurbil dagoen erakunde batek. Helburu horri jarraituz, Zarauzko Udalak arazoa errotik heldu eta eraldatzeko dagokion politika feminista garatzen jarraituko du.

 Mugimendu feministak lan izugarria egin du gure herrian eta egun geroz eta hedatuago dagoen kontzientzia feminista beraiek eginiko lanaren ondorio da hein handi batean. Beraz, dugun aukera hau baliatu nahi dugu herrian urte luzetan lanean aritu diren emakume feminista horiek zoriondu eta herriaren alde eginiko lan onagatik gure esker ona azaltzeko.

Orain, azken urtetan bezala, elkarlanean jarraitu behar dugu, eraldaketa erreal bat lortzeko bidea hori dela sinesten baitugu.

 Udaletik garatuko den politika feministaren oinarri emakumeon eskubideak izango dira, egunero zapalduak zaizkigun eskubide horiek, hain zuzen ere. Maiz entzun izan dugu egun jendarte parekide batean bizi garena, baina, gero, egunerokoan egiaztatzen dugu hori horrela ez dena. Esan bezala, Zarauzko Udaletik emakumeok protagonista bihurtuz, dagokigun gidaritza hartuz eta parte hartzean oinarrituz, egoera hau eraldatzeko konpromisoa berretsi nahi dugu. Horretarako gaiak modu espezifikoan landuz, baina zeharkakotasuna izanik oinarri, arloz arlo eta proiektuz proiektu ikuspegi feminista txertatzen jarraituko dugu.

 Amaitzeko, Zarauzko Udalak nahiz mugimendu feministak antolaturiko ekimen guztietan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu.

 Asko dugulako egiteko eta Martxoaren 8a egunero delako, jarrai dezagun lanean Euskal Herri parekide baten alde.

Zarauzko Udalean ordezkaritza duten Bildu, EAJ, PSE, Aralar-Ezker Anitza eta PPk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide