Iraitz Gesalaga Tximas-i “merezi duen” ongietorria egingo diote herritarrek igandean. Musika Plazan jarri dute hitzordua, 13:00ak inguruan. Besteak beste, dantza, bertsoak eta bestelako ekimenak izango dira bertan, “irrifarre egin eta harekin batera gozatzeko”.
Tximas dagoeneko Zarautzen bada ere, herritarrek “ezin dituzte ahaztu” egun oraindik espetxean jarraitzen duten euskal preso politiko guztiak. Zarauztarra aske geratu zen aste berean beste bi euskaldun atxilotu zituztela gogoratu dute hala. Horrez gain, beste lau zarauztarrek Espainiako zein Frantziako kartzeletan zigorra betetzen ari direla oroitu dute. Batik bat, Jose Mari Perez Txuri-ren kasua ekarri dute gogora: “Dagoeneko zigor osoa beteta duen arren, egun oraindik Burgosen gatibu jarraitzen du, gaixotasun larria pairatzen duen bitartean. Aski da, Txuri berehala askatu behar da!”.
Ezustekoa pozgarria
Tximas pasa den otsailaren 21ean askatu zuten, eta hainbat herritarrek ezustekoa jaso zuten, “aspaldiko partez ezusteko pozgarria”. Urtebete baino gehiago atxilo egon ostean askatu zuten. Aurreko astean, otsailaren 27an, izan zen haren kontrako epaiketa Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. “Aurrekariak ikusirik, inor gutxik espero zuen halako epaia. Zoritxarrez, milaka adibide ditugu; inolako frogarik gabe euskal herritar ugari epaitu eta hainbat urterako kartzelaratzen dituzte”, salatu dute.