Martxoak 8, Nazioarteko Emakumeen eguna hurbil dugu jada. Nazioarteko egun guztiak bezala egoera desorekatu bat agerian utzi, salatu eta aldarrikatzeko eguna da. Kasu honetan, emakumeok bizi dugun egiturazko zapalkuntza salatzeko eta egoera honen aldaketa aldarrikatzeko eguna dugu.
Emakumeok pairatzen dugun egoera hau egiturazkoa da, hau da, jendartearen egituraren emaitza da eta antolaketa ekonomikoan, politikoan eta ideologikoan uztartuta dago. Egiturazkoa da patriarkatua erabat errotuta dagoelako gure jendartean eta antolaketa eredu hori sistema kapitalistaren ezinbesteko zutabea delako.
Hau honela izanik ere, egoera hau ez betikotzeko eta gaurdanik etorkizuna beste modu batera eraikitzeko konpromisoak hartu ditugu eta eskatzen ditugu.Aldaketarako konpromisoak.
Gizon eta emakumeen arteko, pertsonen arteko harreman eredu berri bat helburu eta oinarri izango duen eredua eraikitzeko beharrezkoa da, Zarauzko udalak politika feminista integral bat osatu eta garatzea. Honela emakumeen eskubideak gauzatuz emakumeen bizitzaren arlo guztietan eragina izango duen politika feminista garatzea eskatzen dugu.
Politika feministak emakumeen gidaritza eta parte hartzea bilatuko du. Horretarako beharrezkoa da herriko mugimendu feminista eta emakume taldeekin zubiak eraiki eta elkarlanerako guneak sortzea.
Harreman eredu berri batek egoera orekatu bat sortuko duelako beharrezkoa da gaurdanik aldaketarako urrats sendoak ematea, horregatik Zarauzko emakumeak gonbidatu nahi ditugu Zarauzko udaleko parekidetasun Kontseiluan parte hartzera.
Guzti hau kontuan izanik honako eskaerak egiten ditu Zarauzko Parekidetasun Kontseiluak:
- Gaur egun indarrean den parekidetasun plana betetzea, honetarako beharrezkoak diren baliabideak jarriz.
- Udalak bere eguneroko jardunean ikuspegi feminista arlo guztietara zabaltzea. Hau garatu ahal izateko beharrezkoa den prestakuntza jasoz.
- Politika feminista integral bat garatzea herriko mugimendu feminista eta emakume taldeekin batera.
- Martxoak 8aren inguruan antolatu diren ekimenetan parte hartzea eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbidapena luzatzea.
- Guzti honen berri herriko eta herrialdeko komunikabideetan ematea.