Birziklatzea, ingurumenarekiko eta osasunarekiko ardurazko jokabidea izateaz gain, «apustu ekonomikoa ere» badela dio Zarauzko Bilduk: «Birziklatzearena arduraz heldu beharreko gai da. Zibismo kontua ez ezik, ekonomikoa ere bada». Izan ere, edukiontzi berdean botatzen dena Urtetako zabortegian uzteak tonako 141 euroko kostua du; bio-hondakin berezituak Lapatxera eramatea, berriz, 65 euro kostatzen da.
Udal Gobernuaren iritziz, hondakinen hamarretik bederatzi birziklatu badaiteke, egun oraindik milaka tona errefusa jasotzea «kezkagarria eta larria» da: «Hondakinen hamarretik hiru baino apur bat gehiago birziklatzen da egun Zarautzen. Hala, hondakinen hamarretik zazpi Urtetara bidaltzen jarraitzen dugu, ingurumenean eta herritarren bizi kalitatean galerak sortuz».
Udalak pasa den urteko azaroan bio-hondakina bereizteko kanpaina abiarazi zuen, eta horren bitartez, hitzaldi informatiboak eskaini zituen auzoz auzo. Ikastarootan 3.243 lagunek eman zuten izena. Horri esker, egun 4.934 familik jasotzen dituzte hondakinak bereizita; kanpaina abiatu aurretik 1.691 familik soilik bereizten zituen hondakinak.
Birziklapen tasa gora
2011ean 7.103.630 kilo errefusa eta 4.042.013 kilo hondakin berezitu jaso ziren,guztira 11.145.643 kilo zabor. Hala, horietatik %36 pasatxo birziklatu zen iaz. 2010ean,aldiz, 11.544.848 kilo hondakin bildu ziren guztira: 4.134.119 kilo gaika eta 7.410.729 errefusa. Birziklatze tasa, beraz, %35,81 izan zen duela bi urte. «Tasa hori bere horretan mantentzen da igoera oso txikia izan duen arren», nabarmendu du Udal Gobernuak.
Azken hilabeteetan errefusa kopurua jaitsi eta bio-hondakinarena igo egin bada ere, gorakada ez da bio-hondakina bereizten duten familien kopuruaren proportzioan izan: «3.243 familik eman zuten izena hondakinak bereizten ikasteko saioetan, eta horri esker, azaroan 504.140 kilo errefusa bildu ziren azaroan; abenduan, aldiz, 464.410 kilo. Hitzaldi zikloa egin aurretik 549.110 kilo errefusa jasotzen ziren. Jaitsiera hori, hala ere, aipatu arrazoiez gain, beste faktoreei ere zor zaio, krisi ekonomikoagatik kontsumoan izan den murrizketari, kasu». Hori dela eta, sorrarazten den hondakin kopurua murriztu eta birziklapenaren alde lanean jarraitzeko beharraz ohartarazi du Udal Gobernuak.