Bosgarren urtez, Zarauztik Mundura kultur aniztasunaren jaia ospatuko dute datorren apirilaren 14an. Egitasmoak herriko etorkinen integrazioa sustatzea du helburu; hau da, beren kultura, folklorea eta gastronomia ezagutzera ematea, baina baita bertakoekin partekatzea ere. Udaleko Immigrazio Zerbitzuak jaia antolatzeari ekin dio jada, baina, lehenik eta behin, merezi duen oihartzuna emate aldera, egitasmoa iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du.
Egileek martxoaren 16a bitartean aurkeztuko ahal izango dituzte lanak; parte-hartzaile bakoitzeko kartel bakarra onartuko dute antolatzaileek. Lanak zuzenean aurkeztu ahal izango dira Zarauzko Udaleko Jendarte Sailean, astelehenetik ostiralera, 08:30etatik 14:30etara. Edo nahi izanez gero, posta arruntez ondorengo helbidera bidal daitezke: Zigordia kalea 33, 1. pisua. 20800 Zarautz. Informazio gehiagorako 943-00 51 17 telefonora dei daiteke, edo berdintasuna@zarautz.org posta elektronikora idatzi.
Lanak modu anonimoan aurkeztu behar dira; egilearen izena agerian jarri gabe, alegia. Aitzitik, kartelaren atzealdean lelo bat jarriko dio egileak. Horrekin batera, kartazal itxi bat aurkeztuko du, eta kartazal horrek kartelaren leloa eramango du kanpoaldean; eta barrualdean, berriz, egilearen izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta NANaren fotokopia, hain zuzen ere.
Kartelen gaiak zerikusia izango du Zarauztik Mundura jaiarekin. Edozein ikuspuntutik jorratuta ere, kultur aniztasuna eta kulturen arteko integrazioa islatu beharko du. Norbere sormen lanarekin batera, ondo ikusteko moduan honako testua txertatuko du, euskarazkoari lehentasuna emanez: Zarauztik Mundura 2012 – apirilak 14 / Fiesta de la Culturas 2012- 14 de abril. Egoki ikusiz gero, kartela egiteko aukeratutako gaian oinarrituta, leloren bat sartu ahal izango du egileak. Lanak originalak izan beharko dute, eskuz eta nahi den moduan egindakoak, baina betiere Din-A3 tamainan.
Sari bakarra
Epaimahaiak martxoaren 26a baino lehen jakinaraziko du zein izango den kartel irabazlea, eta bere erabakia apelaezina izango da. Sari bakarra emango dute, eta irabazleak 400 euro jasoko ditu. Kartel sarituarekin batera, epaimahaiak lehiaketara aurkeztu eta onartuak izan diren lanen artean hautaketa bat egingo du, eta lan horiek Zarauztik Mundura kultur aniztasunaren jaian jarriko dituzte erakusgai. Kartel irabazlea eta hautatutako lanen zerrenda Udalaren webgunean (www.zarautz.org) emango dute ezagutzera.
Zarauzko Udaleko Immigrazio Zerbitzuko zinegotzia edo honek izendatutako pertsona izango da epaimahaiburua, eta epaimahaikideak, berriz, Artezaleak Elkarteko kide bat, Zarauzko Udaleko erakusketa arduraduna eta Zarauztik Mundura jaiaren antolaketa batzordeko hiru kide. Horrekin batera, Zarauzko Udaleko immigrazio teknikaria arduratuko da idazkari lanaz.