Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Datorren astelehenean ekingo diote Amaia Azkue oriotarraren hilketaren inguruko epaiketari, El Diario Vasco egunkariak jakinarazi duenez. Iturri honen arabera, goiz eta arratsaldez egingo dituzte saioak, eta guztira berrogeita hamar lagunek deklaratuko dute lekuko moduan; horrez gain, hogeita hamar perituen deklarazioak ere hartuko dituzte astelehenetik aurrera.
Emakumea hiltzea leporatu dioten gaztea izango da deklaratzen lehena. Azkueren senideek eta Fiskaltzak hamar urteko kartzela zigorra eta bost urteko zaintzapeko askatasuna eskatzen dute atxilotuta dagoen azpeitiarrarentzat. Izan ere, A.E.ri egozten dizkioten delituak ustez oraindik 17 urte zituenean egindakoak dira. Hori hala, adingabeen legea aintzat hartuta egingo dute epaiketa, eta Donostiako Adin Txikiko Auzitegiko epaile batek emango du auziaren epaia.
Akusazioak eta fiskalak eskatzen duten zigorra adin txikiko bati ezar dakioken handiena da. Halaber, Zarauzko bizilagunaren hilketarengatik atxilo dagoen azpeitiarrak zigorra adin nagusikoentzako kartzelan pasa dezan eskatu dute Azkueren familiak eta Fiskaltzak. Egun, adingabeentzako Zumarragako (Gipuzkoa) egoitzan dago preso gizonezkoa.
Hilketa eta lapurreta
Fiskaltzak eta Azkueren familiak zigor bera eskatzen dute gaztearentzat. Iturri honen esanetan, fiskalak azpeitiarrari egozten dion delitu nagusia hilketarena da. Horrez gain, beldurrarazte bidezko lapurretagatik, ibilgailua lapurtzeagatik eta bideko segurtasunaren aurkako delituengatik ere epaituko dute gaztea. Izan ere, Azkueren autoa gidatzea leporatu diote atxilotuari, eta honek orduan ez zuen gidatzeko baimenik. Akusazioak ere delitu horiek leporatu dizkio atxilotutakoari. Halaber, gorpua profanatzea ere egotzi dio, Azkueren hatz batetik eraztuna lapurtzeko indarrezko ahalegina egin zuela arrazoituta.
Azkueren familiaren akusazioaren abokatua Miguel Castells izango da, eta akusatuarena, berriz, Joanes Labaien. Astelehenean, 09:30ean hasiko da epaiketa, eta ateak itxita egingo dituzte saioak. Hedabide honen arabera, Donostiako Adin Txikiko Auzitegiak prozesuan parte hartzekoak diren Fiskaltzaren eta defentsa eta akusazioaren abokatuen iritzia eskatu zuen, saioen pribatutasunaren inguruan.
Fiskaltzak eta defentsa abokatuak saioak pribatuak izatea eskatu zuten. Akusazio partikularraren abokatua, berriz, epaiketa ateak irekita egitearen alde agertu zen.
50 testigu dira epaiketan deklaratzekoak, eta horietatik gehienak kasua aztertzen jardun duten ertzainak izango dira. Horiez gain, akusatuaren eta
biktimaren familiek, Azkuerekin egun horretan egon ziren pertsonek eta honen hilotza aurkitu zutenek ere emango dituzte azalpenak, 30 periturekin batera. Horien artean, oriotarraren gorpua jaso zutenen eta autopsia egin zuten auzitegiko medikuen frogak baloratuko dituzte. Epaia, berriz, ez da izango behin betikoa, Gipuzkoako Probintzia Fiskaltzan helegiteak aurkezteko aukera izango baitute hiru aldeek.
Bi deklarazio
Iturri honen arabera, atxilotutakoaren abokatuak hilketaren kasua ikertzen jarraitzeko eskatu zuen joan zen astelehenean. Azkueren hilketaren ia urtebetera izango da epaikea. Emakumearen hilotza iazko martxoaren 16an aurkitu zuten Ibai Eder urtegian, Azpeitian. Elkano auzoko (Getaria) bizilagunak eskuak eta hankak lotuta eta indarkeria zantzuak zituen. Egun bertan, gainera, Amaia Azkue oriotarraren txartelarekin 300 euro atera zituzten kutxazain batetik. Gorpuari autopsia egin ziotenean, Herrizaingo Sailak jakinarazi zuen emakumea buruko kolpeengatik hil zela, eta hipotesi nagusia lapurrera zela berretsi zuen.
Hilketa gertatu eta bost hilabetera atxilotu zuten azpeitiar gaztea. Abuztuaren 17an Azkue berak hil zuela aitortu zuen. Duela hilabete eta erdi inguru, berriz, azpeitiarrak atzera bota zituen orduan egin zituen deklarazioak, eta ukatu egin zuen hura hil izana. Bigarrengo deklarazioan gazteak adierazi zuen beste pertsona batek hil zuela Azkue, baina ez zuen haren nortasuna argitu; gazteak esan zuen ez zuela ezagutzen pertsona hori.