Gai zerrendan ez zeuden kontuek sortu zuten eztabaida astearte iluntzeko udalbatzarrean. Galdera-erreguen tartean, atez ateko zabor bilketa ezartzearen aukeraz herri galdeketa egitea eskatuz EAJk prestatu duen mozioaz, eta 2012ko aurrekontuen lanketaz aritu ziren udal ordezkariak.
Aipatutako mozioa atzo bertan aurkeztu zuten jeltzaleek. Ez zegoen gai-zerrendan, eta, horrenbestez, ez zuten bozkatu. Bilduk gaiaren gainean «adierazpenak egin» dituela gogoratu zuen Eneko Etxeberria alkateak. EAJko Jesus Larrañagak, berriz, «mozioa aurkezteko arrazoi bakarra, hori —atez ateko bilketa— Azpeitian jarriko dela egunkarien bidez jakitea» izan dela esan zuen.
«Azpeitian atez ateko bilketa sistema jartzearen aldekoa al zara?» galderarekin, eta «bai ala ez» aukerak emanda, herri galdeketa abian jartzea, eta udalak kontsultaren emaitza bere egitea eskatzen zuen EAJk mozioan. Azkenean ez zuten bozkatu. «Gaia oso delikatua» dela iritzita, datozen hilabeteetan lantzeko konpromisoa azaldu zuen Etxeberriak. Leire Etxaniz zinegotziak, bere aldetik, Bilduk atez atekoaren gaineko erabakia hartua duenik ez duela esan gogoratu zuen, «proposamena udalbatzarrean aurkeztuko zela baizik».
Atez atekoarenak mahai gainean jarri aurretik, 2012ko udal aurrekontuaren lanketaz ere kexu agertu ziren EAJkoak. Aitor Gorrotxategiren esanetan, lanketa horretatik «baztertuta» sentitzen dira jeltzaleak; parte hartzeko eta «ekarpenak egiteko aukera izatea» eskatu zuen. Eneko Etxeberriak, berriz, udal gobernua aurrekontu zirriborroa oraindik lantzen ari dela gogoratu zuen, baina ukatu egin zuen aurrekontua «blindatuta» dutela. «Hartu beharreko erabaki batzuk oso gogorrak dira, eta kritikak onartuko ditugu, baina ekarpenentzako espaziorik ez dela egongo, ez da egia», gaineratu zuen alkateak.
Emakumeen Eguna
Emakumeen Nazioarteko Egunareren harira, adierazpena onartu zuten Azpeitian atzoko udalbatzarrean. Aho batez onartu zuten adierazpena Bilduk eta EAJk —Hamaikabateko Aitor Arangurenek ez zuen bileran parte hartu—, baina jeltzaleen aldetik ñabardura batekin. Onintza Etxeberria zinegotziak azaldu zuenez, «funtsean ados» daudelako babestu dute adierazpena. «Baina ez zaigu gehiegi gustatzen erabili den hizkuntza. Ez zaigu iruditzen emakume guztiak errepresentatzen dituenik», gehitu zuen.
«Emakumeok jasaten dugun zapalkuntza egiturazkoa da. Egiturazkoa da, patriarkatua erabat errotuta dagoelako gure jendartean, eta antolaketa eredu hori sistema kapitalistaren ezinbesteko zutabea delako», dio testuaren zati batek. «Emakumeen bizitzaren arlo guztietan eragin» behar duelako, «ezinbestean politika osoa» izan behar duela dio testuak. Politika feministak «emakumeen gidaritza eta parte hartzea bilatuko du». Horren definizioa mugimendu feminista
eta emakume taldeekin egin behar dela argi ikusten dute. «Hauen parte hartzeak politika feminista erreala definitzea ahalbidetuko du». Herrian sortzen diren «politika guztietan, ikuspegi feminista» landuko dutela dio testuak.
Karabanentzako aparkalekua
Aho batez onartu zen beste puntua karabanentzako eta autokarabanentzako aparkaleku publikoaren arautegia izan zen. Perdillegi kalean, besteak beste Juan Antxieta Musika Eskola eta Euskara Patronatua hartzen dituen eraikinaren atzekaldean dago aparkaleku hori, iaztik.
Onartu berri den arautegia karabana eta autokaranaba zaleek osatutako Bagoaz Elkartearekin elkarlanean landu dutela azaldu zuen Aritz Epelde zinegotziak. Ibilgailuak aparkaleku publikoan uzten dituztenek argi eta ur hartuneak izango dituzte han, baina, besteak beste, ezingo dute gaua han pasatu, ezta ibilgailuak bertan garbitu ere.