Eskuz Esku auzolana babestuz

Nerea Uranga 2012ko martxoaren 8a

Krisiak irudimena erabiltzera bultzatzen duela esaten da. Errezilen ere krisiak zer pentsatua eman du, eta lehengo ohitura bati heldu, eta gaur eguneratuz, egitasmo berria martxan jartzeko lanean ari dira. Eskuz Esku Auzolana Elkartea da. Auzolanean egindako ekintzak eta auzolangileak arautu, eta babestea du helburu sortzeko bidean den elkarteak. Auzolana da egitasmoaren oinarria. «Auzolana ez da oraingoa; lehen garai batean egiten zen,  bailaraka edo herrian bertan. Nik baino gehiago, gurasoek edota pertsona helduek ezagutu dute», dio Koldo Arzallusek, egitasmoaren sustatzaileetako batek. Baina, gaur egun ere, auzolana asko egiten da herri txikietan: festetarako,oholtza muntatzeko, mahaiak eta aulkiak antolatzen...». Herri txikietan horrelakoak festa batzordeko kideen eta herritarren artean egiten dira. Horren inguruan, kezka genuen. Lan horiek egiten ari eta norbaiti zerbait gertatuz gero, zer? Pentsa, oholtza muntatzen ari direla burni bat erori, eta auto bat edo pertsonaren bat jotzen duela», dio Arzallusek. Horrelako kasu batzuk udalaren aseguruak babestuko lituzke, baina beste batzuk ez. Horren inguruan hausnartzen hasi ziren Arzallus eta gainontzekoak. Hala, elkarte bat sortu, eta haren bidez auzolana eta auzolangileak babesteko era aztertu dute. «Auzolana lehen ere egiten da, baina inolako araurik, legerik eta asegururik gabe. Gu udalaren aseguruaren bidez zenbait gauza babesten saiatu ginen, baina ez zuten aukerarik ematen», dio errezildarrak. Errezilgo Udala ez dago egoera ekonomiko onean, eta zenbait zerbitzu aurrera eramateko auzolana ezinbestekoa izango da Errezilen. «Krisi garai honetan behartuta gaude auzolanera, bestela udalak zerbitzu batzuk ezingo ditu eman. Azken batean, egoera ona izango balitz, ez ginateke hainbeste kezkatuko, baina egoerak berak bultzatu gaitu». Arzallusen ustez, udalak duen zorrak zenbait zerbitzuren murrizketa ekarriko du, eta horri aurre egiteko auzolana tresna baliotsua da. Errezilen Eskuz Esku Auzolana Elkartea sortu dute. Irabazi asmorik gabekoa da, independentea eta autonomoa. Irekia izango da: «Nahi duten herritar guztiek parte hartzeko aukera izango dute». Batzarrak egingo dituzte, eta elkarteko kideei kontuen berri emango diete. Errezil da elkartearen eremua. Xedea auzolaneko ekintzak antolatu, eta horietan parte hartzen duten herritarrak babestea da, aseguru kolektibo baten bidez. «Modu horretan auzolanean parte hartzen dutenak babestuta egongo lirateke, eta zerbait gertatuz gero, aseguruak aurre egingo lioke horri. Legalki funtzionatzeko era bat da». Elkartearen estatutuak eginda dituzte, eta elkarteen erregistroan sartuta dute eskaria. Erantzunaren zain daude. Hainbat aseguru etxek dituen eskaintzak aztertzen ere hasita daude. «Batek baiezkoa eman digu, eta beste batek horrelako ekimenak babesteko produktu zehatzik ez dutela esan, baina interesgarria iruditu zaie, eta aztertzekotan gelditu dira». Behin elkarte bezala erregistratutakoan, NIF-arekin kontu bat zabalduko dute. Ekimenak martxan jartzeko 3.000 euroko diru zorroa dute, Urkome Sarietan lortutakoa. Gero, Errezilgo Udalarekin hitzarmena egiten saiatuko dira. «Udalari bezalaxe, beste erakundeei (Saiaz Udal Elkartea, Urkome, Gipuzkoako Foru Aldundia...) elkartea aurkeztuko diegu, baita herritarrei ere». Lehen ere herrian beste batzar batean aurkeztu dute auzolanerako egitasmoa. Auzolanean, ordea, herritarrak dira oinarria. «Zenbat eta herritar gehiagok parte hartu, orduan eta gauza gehiago egiteko aukera egongo da. Azken batean, herritarrek parte hartzeko sistema bat da, erabakiak hartu eta antolatzeko garaian». Elkarte gisa martxan hasi ez badira ere, hainbat ekimen abian dute herritarrek: «Bi asteburutan gazteek baserri bide bateko ganaduarentzako burdinezko kanalak konpondu dituzte auzolanean. Haien artean antolatu dira, eta euren kabuz jardun dute». Laguntza jasotzeko prest Lanerako esku lanaz gainera, sostengu ekonomikoa ere behar du elkarteak. «Hasteko, baditugu 3.000 euro, baina gero erakunde publikoei eta pribatuei diru laguntza eskatu beharko diegu. Horrez gain, lan tresnaren bat erabiltzen ez badu, eskertuko diogu elkarteari ematea. Era guztietako laguntzak onartuko ditugu». Krisi egoeran, Errezilen dituzten zerbitzuak mantendu eta gehitzeko egitasmoa Urkome Sarietara aurkeztu zuten, eta 3.000 euroko saria jaso zuten. «Nik kamioiarekin egin dut lan, eta ordu askoan gidatzen dut. Proiektua aurkezteko modukoa zela iruditu zitzaidan. Azkenean, Begoña Uzkudunek hartu zuen idazteko lana, eta Urkome sarietara aurkeztu genuen». Errezilen elkarteak ondo funtzionatuko balu, beste edozein tokitarako baliogarria izan daitekeela diote.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide