EHEk antolatuta, Euskaraz Bizi Egun Txikia ospatu zuten pasa den larunbatean Zarautzen. Zarauzko EHEko kideen hitzetan, bi helbururi erantzuteko antolatu zuten eguna: bata, herria martxoaren 17an izango den Euskaraz Bizi Egunerako girotzen hastea; bestea, berriz, dirua biltzea, azken aldian AEKn egin dituzten lapurretetan EHEkoei zuten diru apurra lapurtu baitiete.
Arratsaldeko 17:00etan eman zitzaion hasiera festari, Putzuzulo gaztetxean egin zen lagun-taldeen arteko Mihiluze lehiaketarekin, hain zuzen. Lagun giro ederra izan zen larunbat arratsaldean sortutakoa. Bertaratu zirenei, motz antzera ere egin zitzaien jolasa, eta zenbaitek hurrengo batean errepikatzeko eskatu zien antolatzaileei.
Segidan, Barrena eta Agostiren trikiti eta pandero hotsa lagun zituztela, triki-poteoa egin zuten herrian zehar. Triki-poteora kalean zenbiltzan hainbat lagun ere batu ziren, eta gustura aritu ziren dantzan.
Gauean, berriz, 23:30 aldera hasita, Fan&Go taldeak kontzertua eskaini zuen gaztetxean. Ehunka izan ziren hauen doinura dantzan ibili zirenak goizaldera arte eta erromeria giro polita eskaini zuten. Eta, azkenik, Xiximaru AJk eman zion bukaera Zarauzko Euskaraz Bizi Egun Txikiari. EHEko kideek adierazi digutenez, eskerrak eman beharrean daude, jende askok lagundu baitu egun hau antolatzen.
Euskaraz Bizi Egun Txikia pasata, martxoaren 17an Donostian ospatuko den Euskaraz Bizi Eguna dugu ate joka. Izango diren ekintzen artean, herri-bazkaria aipatu nahi genuke; izan ere, bazkaritarako txartela erreserbatzeko aukera ere izango da Zarautzen bertan. Arranon eta Eguzkin izango da txartela erreserbatzeko aukera. Horretarako, ordea, norbere datuak emateaz gain, txartelaren zenbatekoa ere ordaindu beharko da (15 euro).