Orioko ikastolak eta udalak 2.200 euro bideratuko dituzte Ibaialde Ikastolara

Urola Kostako Hitza 2012ko martxoaren 6a

 Orioko Udalak eta Orioko Herri Ikastolak 2.200 euro bildu dituzte, Lodosa-Sartagudako (Nafarroa) Ibaialde Ikastolaren laguntza deialdia erantzunez. Orioko ikastolak eta udalak adierazi dute Nafarroako ikastola «ataka larrian» dagoela, eta horregatik egin dute bat Lodosako ikastolak hasi duen kanpainarekin. Izan ere, Ikastolen Elkarteak dirua biltzeko kanpaina hasi zuen duela hilabete inguru. Ikasle bat, euro bat izena du egitasmoak, eta Orioko Herri Ikastola Kooperatiba Elkarteak bat egin du proiektuarekin. Euskal Herriko ikastoletan matrikulatuta dagoen ikasle bakoitzak euro bat ematea du helburu ekimenak. Jasotako diruarekin Nafarroako ikastolari lagunduko diote. Ikastolako lehendakari Gemma Etxabe jakinarazi du Orion 1.100 euro jaso dituztela kanpainarekin. «Ibaialde ikastolaren etorkizuna bermatzeko lagungarria izango delakoan gaude», adierazi du lehendakariak. Orioko Udalak, bere aldetik, beste hainbeste diru bidaliko du Ibaialde Ikastolara; hau da,1.100 euro. Beñat Solaberrieta Orioko alkateak adierazi du udalak ere bat egin duela egitasmoarekin. Hala, Orioko Herri Ikastolak lortutakoa adina diru jartzea adostu zuen udalak, Solaberrietak jakinarazi duenez. «Euskarazko irakaskuntzaren alde, eta ikastolek gure herrian egin duten lanari erantzunez, Orioko Udalak ez du zalantzarik izan ataka larrian den Ibaialde Ikastolari laguntza ematerakoan». Herritarren esku Etxabek nabarmendu du Ibaialde Ikastolak egoerako ekonomiko «larria» duela, zorrak itota dagoelako. Hori hala, gisa horretako laguntzak «auzolanaren eredua» izan daitezen, herritar gutziei dei egin die diru-bilketarekin bat egiteko. «Ekarpen guztiak izango dira ongi-etorriak, eta denak ezinbesteko». Hori hala izanik, Euskadiko Kutxan kontu korronte bat zabaldu du, norberak borondatea eman dezan; 3035 0153 46 1531026051 da kontu korrontea. Solaberrieta bat dator ikastolako lehendakariarekin, eta Ikastolen Elkarteak martxan jarri duen «auzolan» egitasmoa «benetan eredugarria» dela uste du. «Udalak argi du ekarpena egin behar duela; guk ere eskua luzatu nahi diogu Ibaialde Ikastolari. Hogeita bost urte eta gero, etorkizuna kolokan duen ikastolari ahalik eta laguntza eta babesik handiena eskaini nahi diogu», dio Solaberrietak. Zentzu horretan, herritarrei ekarpenak egiteko eskatu die. «Denon konpromisoarekin lortuko dugu Ibaialde Ikastolak, gutxienez, beste 25 urte betetzea». Etorkizuna, «kolokan» Lodosa-Sartagudako Ikastolak 25 urte bete ditu aurten. Hala ere, bizirautea «kolokan» duela adierazi dute ikastolak eta udalak. Otsailean elkartasun festa antolatu zuen Ibaialde Ikastolak, bere etorkizuna bermatzeko dirua biltzeko asmoz. Hala eta guztiz ere, antolatzaileen aurreikuspenak ez zirela bete adierazi dute, elurteen ondorioz, «espero baino jende gutxiago» joan zelako Sartagudara. Hori jakindakoan, Nafarroako herri horretako ikastolak diru-bilketa kanpaina hasi zuen ondoren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide