Errezilen elkarte batean lapurtzea egotzita bi pertsona atzeman dituzte

Urola Kostako Hitza 2012ko martxoaren 5a

Joan den larunbat goizaldean Errezilen goiko elkartean lapurreta egitea egotzita bi lagun atzeman zituen Ertzaintzak. Poliziaren arabera, lapurreta goizeko seirak inguruan egin zuten. Lapurrek elkarteko sarrerako atean eta leihoan kalteak eragin zituzten. Horrez gain, behin barrura sartuta elkarteko dirua gordetzeko kaxa eta tabakoaren makina indarrez ireki eta 500 euro inguru baino gehiago lapurtu zituzten. Elkarte gaineko bizilagunek lapurrek ateratako zarata entzun eta ertzainetara deitu zuten. Hainbat ertzain joan zen Errezilera eta lapurren bila hasi ziren. Handik gutxira eta Errezilgo bizilagunek lagunduta, ustez lapurretan aritu ziren bi pertsonak atzeman zituzten. Horietako bat Ernio azpian, utzitako baserri batean, eta 230 euro inguru soinean zituela. Beste laguna Beizama aldera ihes egin nahian atzeman zuen poliziak. 26 eta 28 urtekoak dira ertzainek atzemandako bi lagunak eta handik polizia etxera eraman zituzten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide