
«Ingurumenean eta osasunean duen eraginagatik, gai hau serioegia da alderdi interesengatik eztabaida politikoan arma bezala erabiltzeko», nabarmendu zuen atzo Jabier Etxaburu Agenda 21eko zinegotziak. «Erantzukizunaren eta benetako argudioen ordua» dela gogoratu zuen, «herri osasuntsu eta arduratsu batean bizitzea denon eskubidea baita». Ildo horretatik, ez zuten onartu EAJ eta PP alderdiek asteazkeneko osoko bilkuran aurkeztutako mozioa. Bilduk eta Aralar-Ezker Anitzak kontra bozkatu zuten; PSE-EEk, PPk eta EAJk, berriz, alde.
Azken bi alderdiok herritarrek atez atekoa Zarautzen ezartzea nahi duten ala ez galdetzea proposatu zuten mozioaren bitartez. Horretarako, herri kontsulta egitea eskatu zuten, ekaina baino lehen. Bilduk eta Aralar-Ezker Anitzak, ordea, galdera «bestelakoa» dela nabarmendu zuten, eta ez dela hondakinen bilketa sistemara mugatzen.
Hondakinen arazoari irtenbidea emateko egin beharreko galdera «serioagoa» dela adierazi zuen Aralar-Ezker Anitzako bozeramaile Andoni Ibargurenek: «Mozioak eztabaida desbideratzen du. Galdera da birziklatzeak derrigorrezkoa izan behar duen ala ez, eta ez atez atekoa ezarri nahi den ala ez. Gure ustez, birziklatze tasa handitzea ezinbestekoa da, eta horretarako prozesu parte-hartzaile serioa abiatu behar da. Gaia konplexuegia da, gainera, bi hilean lantzeko. Hori dela eta, ez dezagun alarmismoa piztu ezta demagogia egin ere». Bestalde, «herritarren hitza errespetatzeko konpromisoa» har dezan eskatu zion Udalbatzari.
Irtenbidea, guztien artean
Horren harira, irtenbidea «herritar guztien artean» adostuko dutela nabarmendu zuen Etxaburuk: «Guztiok dugu ardura hondakinen gaian, guztion arazoa baita. Aurrera egin behar dugu, arazoari adarretatik helduz eta urratsak emanez. Hori lortzeko herritarrengan dugu konfiantza». «Gizartea irabazle aterako bada», herritarrek atez atekoaren alde egingo dutela gaineratu zuen; izan ere, Agenda 21eko zinegotziaren arabera, aipatu sistema da egun emaitzik onenak ematen dituena. Hala ere, hondakinen arazoa bestelako sistema eraginkorragoren batekin bidera baitaiteke, horren alde egingo dutela adierazi zuen.
EAJko bozeramaile Imanol Lasak prozesu parte-hartzailea abiatzea «beharrezkoa» dela esan zuen, eta behin betiko erabakia hartu aurretik, Udalak herritarrei galdetuko diela espero duela : «Herritarrei galdetu behar zaie atez ateko sistema ezartzerik nahi duten ala ez, ez zaie aipatu sistema inposatu behar». PPko ordezkari Rafa Olaizolak «logikoak» izan eta herritarrei euren iritzia emateko aukera eman behar zaiela gaineratu zuen.
EAJko eta PPko bozeramaileekin bat etorri zen PSE-EEko ordezkari Patxi Elola: «Ez dakigu herritarrek atez atekoa ezartzerik nahi duten ala ez, eta hori jakitea ezinbestekoa da. Horretarako, beharrezkoa da herri kontsulta abiatzea. Gu zarauztarren parte hartzearen alde gaude; zuek, ordea, inposiziora iristen ari zarete».
Birziklatu bai ala bai
Zarautz Zero Zabor taldeak hartu zuen plenoa hasi aurretik hitza. Haien arabera, birziklatzea beharrezkoa da, «bai ala bai». «Hasieran zaborra erreketara eta zelaietara botatzen zen. Horri irtenbidea emateko edukiontziak jarri zituzten agintariek. Horrek, hala ere, ez zuen arazoa konpondu, zabortegiak gainezka baitaude. Hori dela eta, ahalik eta gehien birziklatu beharra dago, hondakinak murrizteaz eta berrerabiltzeaz gain. Eta hori lortzeko bidean ezarri zuten bosgarren edukiontzia». Ildo horretatik, EAJk eta PPk aurkeztutako mozioak ez duela «zentzurik» gaineratu zuten Zero Zaborreko kideek: «Haiek proposatutako galderak ez du zentzurik. Galdera ez da atez atekoa ezarri behar den ala ez. Bestelako galderak egin beharra dago, harago».
Egungo sistemari esker lortutako emaitzak, ordea, ez direla «nahikoak» diote: «Egun hondakinen %35a soilik birziklatzen da. Atez ateko sistema erabiltzen dutena herriek, ordea, %80a birziklatzen dute». «Emaitza onenak» aipatu sistema horrek ematen baditu ere, «alternatiba berrietara» irekita daudela nabarmendu zuten: «Alternatiba hobeagorik baldin badago, esan dezatela eta horrekin aurrera jarraituko dugu». Edozein aldaketaren aurrean zalantzak sortzen direnez, herritarrei horiek argitzeko informazio osoa helarazi behar zaiela gaineratu zuten.