Gipuzkoako irrati bidezko Babes Zibileko koordinatzaile Juan Gorostegik egiten duen lana ezezaguna da askorentza. Baina beharrezkoa, berriz, gizarte osoarentzat da beharrezkoa. Inguruan «sare egokia» du taldeak larrialdien berri emateko. Gipuzkoan, esaterako, 36 lagun aritzen dira irrati bidez babes zibilari laguntzen, eta oriotarra da horietako bat. «Larrialdi bat gertatzen bada, irrati bidez guztiok harremanetan jarri, eta gertatutakoaren berri ematen diegu agintariei edota eremu horretan bizi direnei; artzainei, esaterako».
Boluntarioak dira kideak, eta gertaerak lehen eskutik ezagutzen dituzte. Eta suteen, uholdeen eta bestelako larrialdien berri ematen diete suhiltzaileei edo Ertzaintzari. «Haiei dagokie hartu beharreko neurriak hartu, eta larrialdiari erantzutea. Guk informazioa eman baino ez dugu egiten». Hala ere, lanerako orduan hainbat arazo izaten dute: «Larrialdi asko eskualde mailan gertatzen dira, baina, Zarauzko ertzain-etxearekin, esaterako, ezin dugu irrati bidez komunikatu, eta horrek lana zaildu egiten du».
Irrati bidezko babes zibileko koordinatzailea izateaz gain, oriotarra irrati-amateur zaleen taldeko kidea ere bada. Beste kideekin komunikatzeko, beraz, energia sorgailua eta irrati-igorgailua ditu etxean.
Herriko balizko arriskuen aurrean «adi» egon behar du oriotarrak.Gorostegik adierazi du Orioko etxebizitzen %80k uholde arriskua dutela. «Euriteak izaten badira, eta itsasgora baldin badago, gerta liteke Orion uholdeak izatea». Hala ere, Gorostegik 45 urte inguru darama horretan, eta herritarrek dagoeneko ezagutzen dute bere jarduna. Horregatik, «zerbait gertatzen denean, segituan abisatzen naute».
Irrati bidezko babes zibileko kidea izateko, lizentzia behar da. «Lizentziak irratia erabiltzeko gutxiengo ezagutzak bermatzen ditu», dio oriotarrak. Behin hori eskuratuta, bakoitzak, bizitokiaren arabera, kode bat izaten du. «Kode hori oso garrantzitsua da, horrek ahalbidetzen baitu guztiok non gauden jakitea».
Afizioa eta ofizioa
Gorostegi 18 urte zituenean hasi zen irratiarekin komunikazioa lantzen, gailu horrek eragiten zion miresmenak bultzatuta. «Gaztea nintzenean familian lehenengo irratia ekarri genuenekoa gogoan dut. Ez genuen ulertzen halako tramankulu batek musika sor zezakeenik». «Kuriositate» horretatik sortu zitzaion zaletasuna. Afiziak ez ezik, ofiziak ere izan du zerikusia; izan ere, elektronikaren inguruan aritu izan da Gorostegi lanean.
Egoitza, Kosta Tailerrean
Aurreko igandean, berriz, taldeak urteroko jardunaldiak egin zituen, Orion. Euskal Herriko irratizaleak ez ezik, Espainiako eta Herrialde Katalanetako kideak ere izan ziren bertan, euren jardunaren inguruko ezagutzak partekatzen. Hori hala, Iberiar Penintsula mailako konexio bat egingo dute maiatzean, eta orduan ere Orio izango da abiapuntuetako bat. Oriotarrak jakinarazi duenez, Portugal eta Espainiako ekialde inguruak Oriorekin lotuko dituzte, konexioari ferra itxura emanez . «Bakoitza puntu batean kokatuko da, eta batak besteari pasako dio komunikazioa, Portugalera iritsi arte».
Bestetik, Gorostegik adierazi du Orioko Udalak Kosta Tailerreko bi gela utzi dizkiola. Bertan irrati-igorgailua eta antena jartzeko asmoa du oriotarrak. Horrez gain, etorkizunean Orioko Kosta Tailerreko lokala Gipuzkoako irrati bidezko Babes Zibileko egoitza izateko asmoa azaldu du Gorostegik, oraindik zehaztu gabe badago ere.